Vitoria-Gasteizek Europar Batzordearen aitorpena jaso du azpiegitura berdeen garapenaren adibide gisa
Maiatzaren 6an Europar Batzordeak estrategia berria onartu zuen Europar Batasunaren eremuan azpiegitura berdeen garapena sustatzeko asmoz.
Europar Batzordeak azpiegitura berdearen inguruan Legebiltzarrari, Kontseiluari eta Batzorde Ekonomiko, Sozial eta Eskualdeetakoei egin zien komunikazioak berak, zein laneko dokumentu teknikoak, marko zabala eskaintzen dute azpiegitura berdeko proiektuak ulertzeko eta gauzatzeko, eta azpiegitura berde horietan inbertitzeko apustua justifikatzen dute, ingurumen, gizarte eta ekonomia etekinak lortzeko tresna eraginkor gisa ulertuz natura.
Vitoria-Gasteizek bere azpiegitura berdea sendotzeko egin duen bideak aitortza jaso du europar marko horretan, Europar Batzordearen laneko dokumentuan kontzeptu horren aplikazioaren adibide modura hartu baita. Horrela, hiri esparrua zein udalerri osoko lurraldearena barne hartuko duen azpiegitura bat "ehunduz", Vitoria-Gasteizko azpiegitura berdearen aldeko lanean jarraitzen laguntzen du aitorpen horrek.