Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) Hirigune Historikoko bizilagunak gonbidatu ditu haien auzoa berdetzen laguntzeko
Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, Hirigune Historikoko bizilagunak gonbidatu ditu haien auzoa berdetzen laguntzera, CEAk hiriaren erdigunean sustatu duen Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan. Horretarako, bi saio parte-hartzaile antolatu ditu birnaturalizatu beharreko eremuak, balizko esku-hartzeak eta aukera-proposamenen zerrenda bateko kudeaketa-ereduak aztertzeko.
“Lankidetzan eraikitzea da asmoa. Gasteizko Hirigune Historikoa berdetzen laguntzeko jarduketak diseinatzeko prozesua garatzen ari gara. Auzoko espazio publikoetan landaredia gehiago sartzeko irtenbideak bilatzen ari gara, ingurumenaren kalitatea hobetu eta klima-aldaketaren eraginak murrizteko. Hala, tenperatura jaitsi egingo da udan, eta airearen kalitatea hobetu. Gainera, ekimen horri esker, auzoa edertu egingo da eta bere ondarea zainduko da. Halaber, berdeguneen erabilera kolektiboa sustatuko da, naturari lotutako bizitza komunaren bitartez, Eta ez dugu ahaztu behar azpiegitura berdeen estrategia horrekin biodibertsitatea eta flora eta faunarentzako habitatak areagotzen lagunduko dugula”, nabarmendu du Ana Oregi CEAko presidenteak.
Prozesu parte-hartzailearen aurretik, baldintzatzaile teknikoen azterketa egin da eta aukeren eremuak eta balizko esku-hartzeak identifikatu dira. Orain, prozesu parte-hartzailearen bitartez, CEAk egindako lana kontrastatu eta modu kolektiboan balizko jarduketei itxura eman nahi diete.
Jarduketa bideragarriak eta egokiak egiteko, Udalarentzat ezinbestekoa da horien inguruko gogoeta egitea egunerokoan auzoan bizi diren eta hura zaintzen duten pertsonekin:
- Lehenengo saioa: Landatxo Gizarte Etxea, maiatzak 24, 17:30etik 19:30era.
- Bigarren saioa: Landatxo Gizarte Etxea, ekainak 7, 17:30etik 19:30era.
Saio batean edo bietan parte hartu ahal izateko, interesa duten pertsonek bertan izango direla baieztatzeko mezua bidali beharko dute helbide honetara: cea@vitoria-gasteiz.org.