Zuhaiztien kudeaketari buruzko jardunaldiaren hitzaldiak argitaratu ditugu
Joan den abenduaren 20an, Gasteizko Atarian “Zuhaiztien kudeaketa klima-aldaketaren aurka” jardunaldia egin zen. Bertan, gure udalean zein nazioartean garatzen ari diren proiektu, azterlan eta kasuak aurkeztu eta azaldu ziren, zuhaitzek klima-aldaketa gero eta nabarmenagoaren ondorio negatiboei aurre egiterakoan duten garrantzia ezagutarazteko asmoz.
POCTEFA proiektuak: Canopée proiektuaren emaitzak eta Acclimafor berriaren aurreikuspenak
- Aurkezpena (gaztelaniaz)
HAZI Fundazioko Alejandro Cantero izan zen lehen hizlaria; Canopée izeneko POCTEFA proiektua azaldu zuen, zein 2016-2019 urte bitartean egin baita, eta orain gutxi amaitu. Proiektuaren xede nagusia Pirinioetako basoek gizarteari zein ekosistemei eskaintzen dizkigun onura eta zerbitzuak bermatzea zen. Pirinioetako basoek hiru herrialdetako lurrak hartzen dituzte (Espainia, Andorra eta Frantzia); horrenbestez, hiruetan egiten dira jarraipen-protokolo komunak.
3 jarduera bideratu ziren Pirinioetako basoek klima-aldaketaren aurrean duten funtzioa deskribatu eta berariazko helburuak lortzeko asmoz:
- Klima-aldaketak Pirinioetako basoetan duen eragina behatzea.
- Pirinioetako basoek klima-aldaketaren aurrean duten zaurgarritasun-maila diagnostikatzea.
- Inguru zaurgarrietan egokitze-neurriak proposatu eta abiaraziz, arazoaren aurrean ekitea.
Gaur egun, POCTEFA CANOPÉE proiektua amaitu da; alabaina, 2019 eta 2022 urte bitartean POCTEFA ACCLIMAFOR proiektua burutzen ari da, hari jarraipena emateko.
Informazio gehiago:
- Canopée OPCC
- HAZI Poctefa Canopée (gaztelaniaz)
- HAZI Poctefa Acclimafor (gaztelaniaz)
Gasteizko udal eremuko baso zuhaiztien kudeaketa
- Aurkezpena (gaztelaniaz)
Jarraian, Gasteizko Udaleko Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko Ekhi Mandiolak Gasteizko udalerriko baso-paisaiaren eboluzioa kontatu zuen, 1950ean hasi eta gaur egun arte. Gaur egun, baso-masa gehiago dago, mendia lehen baino gutxiago baliatzen delako, nekazaritza-lursailen kontzentrazioa gertatu delako, eta paisaia uniformizatu egin delako.
Gainera, Gasteiz mediterranear eraginpeko eskualde biogeografiko atlantiko-eurosiberiar batean dagoelarik, udalerriak habitat-aniztasun benetan handia dauka. Alabaina, udan lehortea areagotzen ari da klima-aldaketaren ondorioz, eta ez bada egoera hori lehengoratzeko ezer egiten, litekeena da tokiko tenperatura 2º C-tik gora igotzea. Lehorte eta tenperatura beroago horien aurrean, mendiak eta basoak indarra galtzen dute, errazago jasan ditzake suteak, bai eta gaixotasun eta izurriteak ere.
Bestalde, udalerriaren % 77 mendi publiko da, eta hauek dira aurrera begira aurreikusten diren kudeaketa-irizpideak:
- Esku hartzea eta zuhaitzen gainbehera saihestea.
- Basoak indarberritzea, hazi naturalak baliatu.
- Zura egitera bideratutako koniferoak ordezkatzea.
- Udal-barrutiaren konexio ekologikoa indartzea.
Eraztun Berdeko zuhaitzak: Estrategia erresiliente bat
- Aurkezpena (gaztelaniaz)
Eraztun Berearen kudeatzaile den Txusto González aritu zen gero. Bere aburuz, garrantzitsua da kontuan izatea herentziaz jaso duguna, sortu duguna, eta Eraztunaren kudeaketaren ikuspegia izatea kanpora begira. Horixe izanik abiapuntua, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atala sistema hori eta berarekin lotzen diren inguruko elementu naturalak garatu, mantendu eta hobetzeaz arduratzen da.
Eraztun Berdearen espazioen gainean jarduterakoan misioetako bat espazio horiek ahalik eta autonomoen izan daitezen lortzea da, hots, ahalik eta iraungarrien, anitzen, eta abar. Biodibertsitatea da egungo krisi klimatikoari aurre egiteko elementurik garrantzitsuena, hari esker krisialditik onik irteteko aukerak (erresilientzia) hobetu egiten direlako.
Bi ideia hauekin bat etorrita kudeatzen da Eraztuna: basoaren kudeaketa, eta basoarenganako kudeaketa. Jasotako baso-masen kasuan, baso heldu eta anitzetara eboluzionaraztea nahi da, giroen dibertsifikazioa eraginez. Berriz, etorkizunerako nahi diren masen kasuan, landaretza potentzialaren ikuspegitik kudeatzen dira.
Klima-aldaketara egokitutako zuhaitz-masen gestioen adibideak
- Aurkezpena (gaztelaniaz)
Hiri Paisaiaren Atalaren bere funtzio nagusia Gasteizko hiriguneko berdeguneak planifikatu, onik zaindu eta kudeatzea da, hiriaren estetika hobetzeaz gain; hortxe egiten du lan Emilio Lópezek. Klima-aldaketaren testuinguruan, hiriguneko berdeguneak biodibertsitate handia izan dezaten nahi da; izan ere,m zenbat eta handiagoa biodibertsitatea, orduan eta erresilienteagoak izango dira parkeak klima-aldaketaren ondorioen aurrean.
Hiri-zuhaiztiak klima-aldaketa aintzat hartuta kudeatzerakoan, kontuan hartu behar da zuhaitz-dentsitateen kontrola eta espezie desegokien (sahatsak eta makalak) presentzia, espezie-dibertsitatea, landare xerofiloen kopurua, eta baita klima gaiztoak hobeto daramatzaten zuhaitz trinkoenak lehenesteko irizpidea ere.
Hiri Paisaiaren Atalaren beste funtzio garrantzitsu bat, dibulgazioaren bitartez hiri-zuhaiztien balorea jendartean ezagutaraztea da, zuhaiztiak hiriek sortzen duten CO2 xurgatzen baitute; horrenbestez, aldian behin horren inguruko datu esanguratsuak jakinarazten zaizkie herritarrei.
Karbonoaren finkapeneko kalkulu eta proiektuak Gasteizen. I-Tree tresnaren erabilera
- Aurkezpena (gaztelaniaz)
Hurrengo hizlariak, CEAko GreenLabeko koordinatzailea den Juan Vilelak lorzoru hondatu edo narriatuak berreskuratzearen garrantzia azpimarratu zuen, bai eta klima-aldaketaren aurrean lursail abandonatuak karbono-hustuleku gisa berreskuratzearena ere. Bestalde, hirietako zuhaiztien garrantzia azpimarratu zuen, hiriari eskaintzen dizkion onura ekologikoan ikuspegitik: biodibertsitate eta aniztasun ekologiko gehiago, ur-eskuragarritasun handiagoa zoruetan, eta aireko CO2-aren murrizpena.
Karbono-hustulekuei dagokienez, besteak beste Mendebaldea proiektua gauzatu da, hiria inguratzen duen Eraztun Berdea Jundizko industrialdearen inguruan hedatzeko asmoz. Horretarako, lurzoruak hobetzeko lanak garatu dira, hartara hiri girotik nekazaritza girorako trantsizio-paisaia sortzeko, bai eta ingurumen-leheneratze lana ere, karbonoa metatzen duten praktikak bereziki sustatuz. Garatutako neurrien artean, lurzorua egokitu zen, eta inguru narriatuak berreskuratzera eta CO2 finkatzera bideratutako fitoerremediazio-teknikak garatu ziren (ereintzak eta landaketak).
Esteka hauetan kontsultatu daiteke proiektua:
I-Tree software libreari esker, hiriguneko zein Eraztun Berdeko zuhaitzen neurketak egin izan dira, aztertzeko zenbateraino laguntzen duten airearen kalitatea hobetzen. Tresna horren bitartez hiriguneko zein Eraztun Berdeko zuhaitzen garrantzia baieztatzen duten datuak eskuratu dira, airearen garbitasunari zein CO2ren hustubideei dagokienez.
Esteka honetan kontsultatu daiteke i-Tree tresna Gasteizko zuhaiztiei aplikatzetik eskuratutako datuei buruzko txostena (gaztelaniaz).