Albistea

Zabalgana Udal Haur Eskolak patio naturalizatu berria du

Patio naturalizatu berri hau ekainaren 17an inauguratu zen. Zehazki, patioko asfaltoaren 1.400 m2 baino gehiagotan esku hartu da, eta belardi, harea, zagor edo tronadura eremu bihurtu dira. Era berean, 18 fruta-arbola eta zuhaixka bat landatu dira, eta faunarentzako 4 elementu instalatu.

Hortaz, dagoeneko 16 ikastetxek berdatu dituzte patioak 2021etik, Hezkuntza Zerbitzuak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Mantentze Zerbitzuak bultzatutako proiektu hau abian jarri zenetik hain zuzen. 2025ean, Luis Dorao Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxean ere esku hartu zen. Obra horiek lehendik moldatutako beste 14 patioei gehitu behar zaizkie: IPI Sansomendi, Zaramaga UHE, Gurutzmendi Haurreskola eta Arantzabela, Judimendi, Divino Maestro, EIC Txagorritxu, Barrutia, Aita Orbiso, Luis Elejalde, Landazuri, Santa María, San Ignacio eta Odón de Apraiz HLHI. Guztira 7.000 m2 baino gehiagoko azalera naturalizatu da eta 277 fruta-arbola eta 1.004 zuhaixka, aromatiko eta igokari landatu dira.

Laister beste bi ikastetxetako patioak moldatuko dira: Sansomendi eta Gloria Fuertes haur-eskoletakoak.

Ikastetxeen konpromisoa

Eskolako patioak naturalizatzea ez da soilik espazio horiek eraberritzea, harago doa. Ikastetxeek proiektuan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartu behar dute, hezkuntza-komunitateko eragile guztien inklusioa bultzatuz eta sustatuz. Horretarako sortu behar duten lantaldean guraso-elkarteek, ikasleek, familiek, zerbitzuetako langileek, jangelako begiraleek eta eskolaz kanpoko jardueretako partaideek hartu behar dute parte.

Era berean, azpiegitura berria hezkuntza-dinamikan eta -proiektuan sartu behar dute, denboran zehar horien iraunkortasuna bermatuko duten neurriak gehituta.


 

Interesa dakizuke