Vitoria-Gasteiz, CEAren bidez, Googleren proiektu pilotu batean parte hartzen ari da klima moldaketako estrategian lagunduko duen ingurumen informazioa sortzeko
Google enpresak Environmental Insights Explorer izeneko tresna bat garatu du, bere datuak eta modelizazio gaitasunak konbinatuz, hiri eta eskualdeei berotegi efektuko gasen igorpena murrizten lagunduko dien informazioa eskaintzeko.
Ekimen horren markoan, Google Mapsen dagoen informazio kartografikotik eta adimen artifizialaren erabileratik abiatuz sortutako datuak kontsultatzeko aukera ematen duen bisore bat garatu da.
Oraingoz, Environmental Insights bisoreak ematen duen informazioa zuhaitz estaldurari, eraikuntzari, mugikortasunaren banaketa modalari eta estalkien eguzki potentzialari buruzkoa da. Datu horiek klima aldaketaren arloan erabakiak hartzen laguntzen dute.
Oraingoz, zuhaitz estaldura lantzen ari gara CEAtik. Googlek lurraren eredu digital bat erabiltzen du, LIDAR bidez egina, lurraren erliebea identifikatzeko: eraikinak, zuhaitzak, zuhaixkak eta abar. Ondoren, adimen artifiziala aplikatzen du, LIDAR geruza hori eta aireko irudiak aztertuz, zuhaitz bat zer den eta zer ez zehazteko. Modu horretan, estalduraren argazki zehatzagoa lortzen da eta gure hiriko azpiegitura berdea hobeto garatzeko analisiak egin daitezke. Lehen emaitzek erakutsi dute tresna hau Gasteizentzat erabilgarria izan daitekeela, batez ere modu tradizionalean egindako zuhaitz inbentarioak mantentzea oso garestia delako eta horrek informazioa maizago eguneratzea zailtzen duelako.
Googlen (horiz) eta udal datuen (laranjaz) alderaketa.
CEAk proiektu honetan duen parte-hartzea ICLEIren bitartez bideratzen ari da. ICLEI – Local Governments for Sustainability garapen jasangarriarekin konpromisoa hartu duten tokiko gobernuen eta estatuko eta eskualdeko erakundeen nazioarteko erakundea da. Proiektuaren helburua da aztertzea nola Environmental Insights Explorer tresnak balioa eman diezaieken Europar Batasuneko hiriei eta nola lagundu ahal dien beren klima eta ingurumen xedeak erdiesten.