URSOILL proiektuaren aurkezpena eta Soil Living Lab baten lehen ko-sorkuntza tailerra Gasteizen

Joan den otsailaren 20an URSOILL (Urban Soil Living Lab) Europako proiektuaren hasierako bilera egin zen Olarizuko etxaldean. Ekimen hau Europako Lurzoruaren Misioaren esparruan dago kokatuta, eta Europan lurzoruaren osasuna hobetzeko 100 laborategi bizidun garatzea du helburu.
URSOILLek, hemendik 2030era, 5 Living Lab sortzea ahalbidetuko du Europako Suedia, Grezia, Italia, Luxenburgo eta Espainiako hainbat hiritan, hiri lurzoruaren zaharberritzerako irtenbide berritzaileak diseinatu eta probatzeko helburuarekin. Gure esparruan, Gasteizen eta Foruan gauzatuko da ekimena.
Jardunaldia Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendariaren ongietorri eta sarrerarekin hasi zen; ondoren, Ihobek lurzoruaren osasunari buruzko aurkezpena egin zuen, bertaratutakoek elkar ezagutzeko eta hasieratik parte-hartzea sustatzeko. Gero, Euskal Living Labeko arduradunek (Eskilara eta CEA) proiektua aurkeztu zuten, URSOILLen ikuspegi orokorra eskainiz eta esku-hartzeak egingo diren guneak zehaztuz, baita haien ezaugarri eta arazo nagusiei buruzko funtsezko informazioa emanez ere.
Jardunaldiaren bigarren zatian, parte-hartzaileak Vitoria-Gasteizko lau esku-hartze guneei zegozkien taldetan banatu ziren, eta lankidetzan aritu ziren kokaleku bakoitzerako erronkak, aukerak eta balizko irtenbide espezifikoak identifikatzen. Horrela, ideien trukea eta irtenbideen ko-sorkuntza sustatu ziren.
Saioa talde bakoitzaren laburpen-aurkezpenarekin amaitu zen, hurrengo urrats eta etorkizuneko ekintzen berri emanez. Horrela, hiri lurzoruaren osasuna berrikuntzaren eta herritarren lankidetzaren bidez hobetzea bilatzen duen proiektu bati hasiera eman zitzaion, eta jarraipena izango du urtean zehar egingo diren ko-sorkuntza tailer gehiagorekin.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jardunaldiaren laburpen zehatzagoa kontsulta daiteke esteka honetan, proiektuaren webgunea bisitatu edo sare sozialetan jarraitu.
URSOILL (ID 101219012)
Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.