Olarizuko Lorategi Botanikoko eta Bide Berdeetako enplegu programetan egindako aurrerapenak
2020ko abenduan Olarizuko Lorategi Botanikoko eta Bide Berdeetako Gazteen Enplegurako Programa Eragileak abian jarri zirenetik 6 hilabete inguru igaro dira; hortaz, tokian tokiko lanetan eta lantaldearen gizarteratze eta laneratzean egindako aurrerapenak laburbiltzen dira jarraian.
Olarizuko lorategi botanikoko programa
Olarizuko lorategi botanikoan egindako lanei dagokienez, hainbat landare mota zuinkatu eta landatu dira (Juniperus oxycedrus, Juniperus sabina, Teucrium chamaedrys, Nerium oleander, Hedera helix, Euonymus verrucosa, Clematis vitalba, etab.), 1. fasean (baso eta sastrakadi mediterraneoen gunea), 2. fasean (baso borealen gunea) eta 5. fasean (goi-mendiko basoen eta sastrakadien gunea). Mantentze-lanei dagokienez, taldeek Juniperus sabina espeziearen landaketa berriak jorratu eta bertan juteak jarri zituzten, txorkoak egiten eta garbitzen aritu ziren, eta lur-estalkia ipini zuten, landarea haztea errazteko. Halaber, baso epel submediterraneoen gunean (2. fasea) konposta zabaldu zen, eta 1. faseko hainbat lursailetan horsola kendu. Egin den beste lan bat izan da Juniperus comunis Nana, Juniperus sabina eta Pinus mugo espezieak jorratzea goi-mendiko basoen eta sastrakadien gunean (5. fasea).
Bestalde, Olarizura eraman berri den udal haztegian, Cytisus scoparius, Alnus glutinosa eta beste espezie batzuk berraldatu ziren; lurra motoaitzurrarekin prestatu zen gero hainbat espezie landatzeko, hala nola, Calendula officinalis eta fragariak, eta hortus conclusus gune berrian. Salvia eta Digitalis generoen bildumak jorratu ziren, hondakin organikoak bildu, eta konpostajea kendu. Halaber, horsola jarri zen itzaltegian eta orangerie gunean.
Azkenik, arrokaian eta negutegiaren inguruetan zuhaitz eta zuhaixkak inausi eta sastrakak kendu ziren, eta uraskak garbitu ziren nenufarrak landatzeko.
Bide Berdeen programa
Bide Berdeak programako taldeak Juglans regia (intxaurrondoa) eta Prunus avium (gereziondoa) espezieetako 54 unitate landatu ditu Jundiz muinoan. Jundiz muinora heltzeko bideak sasiz garbitu eta egokitu dira; horretarako, bidean zeharkako ebakiak egin eta harriz bete ziren, ura lurzoruan naturalki iragaztea lortzeko eta isurketak saihesteko.
Mendebaldea parkearen III. Fasearen inguruetan sahats (Salix atrocinerea) eta makal (Pinus nigra) aldaxkak eta mikroaldaxkak landatu dira —aldez aurretik prestatu dira negutegian—. Horrez gain, lurzorua egokitu da eta zuloak prestatu dira gero fruta-arbolak landatu ahal izateko. Hondakinak eta plastikoak kendu dira, baita bideak garbitu ere. Bestalde, lurzoru kutsatuak berroneratzeko PhytoSUDOE proiektuko lursailetan sasiak kendu dira.
Azkenik, Olarizura igotzeko bidean Prunus spinosa, Lavandula latifolia, Salvia latifolia eta Rosmarinus officinalis espeziak jorratzeko eta sastrakak kentzeko lanak egin dira.
Gizarteratzea eta laneratzea
Gizarte-langileak banakako bilerak egin ditu enplegu planeko parte-hartzaileekin. Esparru pertsonalean zein lan-arloan laguntza eman eta jarraipena egin zaie, kontratua amaitzean haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko. Denbora horretan, ikusi da langileek interesa eta motibazioa zutela emandako aukerekiko, eta lan kontratua amaitzean laneratze ona izan lezaketela iragartzen du horrek. Aldi berean, bilerak egin dira langileburuekin, arreta eta jarraipena behar duten eguneroko arazoak konpontzeko.
Lehen etapa honetan, gai desberdinei buruzko prestakuntza jaso dute. Lanei ekin aurretik, lorezaintzari buruzko oinarrizko prestakuntza ikastaro bat egin zuten. Gero, urtean zehar erabil dezaketen makinen erabilerari buruzko prestakuntza egin zuten (adibidez, sasiak garbitzeko makina, heskai-moztekoa eta motozerra), eta baso eta hiriko zuhaitzak inausteko oinarrizko ikastaro bat ere.