Olarizuko Lorategi Botanikoa 3.800 zuhaitz eta zuhaixka gehiagorekin osatu da
Landaketak 2023ko udazkenean egin zituzten Eraztun Berdeko Landaredia Kontserbatzeko Zerbitzuko lorezainek. Landaketei esker, landare biziko bildumak osatu eta atzemandako hutsuneak betetzen dira.
Guztira, 89 landare-espezie desberdinetako 3.854 landare landatu ziren. Europako oihanpeetan ohikoak diren zenbait espezieren 100 ale baino gehiago landatu ziren, hala nola esparragerak (Asparragus acutifolius), huntzak (Hedera helix), erromeroak (Rosmarinus oficinalis), mugurdiak (Rubus idaeus), hainbat xara-espezie (Cistus sp.), ipuruak (Juniperus sp.), zur-oihalak (Lonicera sp.), eta Genista sp, Cytisus. sp. eta Coronilla sp. generoetako lekadunak.
Landareen erdia baino gehiago baso mediterraneoetako espazioa osatzera bideratu zen (2.074 landare). Gainerako landareek baso submediterraneoak (748 ale), epelak (435), borealak (207) eta goi-mendikoak (309) osatu zituzten.
Landareen % 20 inguru Olarizuko baratze zaharretan kokatuta dagoen mintegian bertan ekoitzi da. Gainerakoak landare autoktonoak eta basoko landareak ekoizten dituzten hainbat mintegitatik datoz, Araba, Nafarroa, Tarragona eta Albacetetik. Erabilitako landareak 1,5 litroko edukiontzietan sortu ziren, eta gazteak landatu ziren, 30 eta 60 cm bitarteko tamainarekin, horrek errotzea errazten baitu.
Lehen aldiz 15 espezie berri sartu dira lorategian (321 landare guztira), lorategi botanikoen artean haziak nazioartean trukatzeko Index Seminum programaren bidez lortuta. Espezie berrien artean Rhodondendrom luteum eta Philadelphus caucasicus eskualde kaukasiarreko zuhaixkak, Rosa gallica arrosa europarra edo Prasium major igokari mediterranearrak daude.