Nazio Batuek Eraztun Berdea hautatu dute ekosistemak leheneratzeko munduko 50 praktiketako bat bezala
Ingurumenaren Mundu Eguna ospatu zen ekainaren 5ean eta Nazio Batuen Erakundeak hainbat ekimen antolatu zituen horren harira. Besteak beste, “Ekosistemak Leheneratzeko Hamarkada” hasi zen, eta, horren barruan, Gasteizko Eraztun Berdea munduko praktikaren adibide gisa hautatua izan da.
Euskadiko hiriburua 50 praktika onenak hautatzeko prozesuan parte hartzera gonbidatu zuten; izan ere, ICLEI erakundeko kide da, Ekosistemak Leheneratzeko Nazio Batuen Hamarkadaren 7 bazkide globaletako bat.
Hautaketa prozesua gaindituta, Gasteizko Eraztun Berdea Nazio Batuen hub digital horren parte da, eta ekosistemak leheneratzeko proiektuaren adibide gisa agertzen da.
“Eraztun Berdea hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta gune narriatuak naturarako eta aisialdirako berreskuratzeko egindako erronka eder baten emaitza da. Hiriaren inguruko parkeen sarea gauzatzea erabateko arrakasta izan da, ekologia eta paisaia aldetik balio handiko hainbat gune ditu, eta orain zaintzea eta hobetzea dagokigu”, adierazi du alkateak. Ildo horretatik, Gorka Urtaranek hainbat erronka aipatu ditu, esaterako, Larragorri parkea sortzea, Olarizuko lorategi botanikoaren ingurua sendotu eta hobetzea, edo Mendebaldea proiektua, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailetik eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegitik burutzen diren gainerako ekimenak ahaztu gabe.