Mendigurentxo (Jundiz) inguruaren ingurumen leheneratzea
Vitoria-Gasteizko Udala eta CEA Jundizko industrialdearen eta A-1 autobidearen artean korridore berde handi bat sortzeko proiektua ari dira garatzen,. Lanak faseka ari dira gauzatzen: lehena Lermandako ingurumen leheneratzea izan zen (2017an) eta gero Mendigurentxo lanak egin dira (2018-2019).
Paisaiaren integrazioa eta hobekuntzako lanak egin dira Mendigurentxon, azpiegitura handiek ingurunean eragiten dituzten ikusizko eta entzunezko inpaktuak arintzeko; eraikuntza materialak birziklatu dira aztarna ekologikoa murrizteko; eta hainbat landare espezie landatu dira karbono hustubide izan daitezen eta horrela klima aldaketaren ondorioak arintzen lagun dezaten.
Lanak bi bloketan egin dira:
- Lursailak garbitu eta prestatzeko zereginak, ondoren topografia moldatzeko lanak egiteko. Lurrez osatutako dike handiak sortu dira (5 metroko altuera artekoak) autobiaren aurrean ikusizko eta entzunezko hesi bihur daitezen. Udal ureztatze sarea hedatu da landaketek ur hornidura izan dezaten lehorte sasoietan. Horrez gain, oinezko eta txirrindularientzako bide bat eraiki da, eta inausketetatik ateratako egurra lurperatu da hugelkultur bat sortzeko.
- Eremu osoa landare zurkarez estaltzeko eta basoak sortzeko ereinketak eta landaketak. Heskaien 68 lerro ere landatu dira autobiaren aurrean babesa emateko, eta bi urmael artifizial induskatu dira biodibertsitatea sustatzeko.
Eremuan zarata inpaktua murrizteko lanei esker, zarata maila 65-75 dB-tik 55-60 dB-ra jaistea espero da.
Finantziazioa
Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza izan du, gastu osoaren % 50a ordaindu baitu. Laguntza Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Sailarena izan zen, garapen jasangarria sustatzera zuzendutako ekintzetarako duten programaren baitakoa.