Mendebaldea proiektuaren III. FASEA: Lanen hasiera Ariniz inguruetan
Ariniz ingurua lehengoratzeko asmoz lurrak eta bideak mugitzeko obren kontratua "Excavaciones Mendiola SA" enpresari esleitu ondoren, irailaren 2an zuinketaren eta obren hasieraren akta sinatu zen, beste bi enpresekin batera: "DINAM” (Ingurumen Zaintzaren arduraduna), eta "BSP Consultores” (Segurtasuna eta Osasuna koordinatzeko arduraduna).
Obrak 116.048,24 euroan esleitu dira, BEZa barne, eta horrek lizitazio-aurrekontuaren % 24,61eko jaitsiera ekarri du. Lehen asteetan tresnak eta zaborrak kentzeko aurretiazko lanekin hastea aurreikusi dute, ondoren lurrak mugitzen hasteko. Lurzoru kutsatua duten eremu bereziak baliza bidez mugatuko dira; izan ere, eremu horiei ingurumen-zaintzako jarraipen espezifikoa egin behar zaie, eta berorietan dagoen lurzorua ezaugarritu egin behar da lekuz aldatu aurretik.
Lursaila egokitzeko obrak 6 hilabete iraungo duela aurreikusten da, tartean topografia birmoldatzeko lanak, bi lur-dike eraikitzea zarataren aurkako hesi gisa, kutsatutako lurzoruak prestatzea, ondoren medeagarri organikoen bidez berreskuratzeko, eta obra amaitu ondoren parkera eramango duten bideak egitea.
Ekintza horietako askok lurzoruari karbono-ekarpena egingo diotenez, eta atmosferara jaurtitako isurketa-kopurua murriztuko dutenez (material asko birziklatzen baitira), Europako Life Urban Klima proiektuaren finantzaketa ere lortu da obretarako. Proiektu honen bidez, obran dagoen karbono-finkapena monitorizatuko da.

Lur-mugimenduetan, lurzatian dauden material agregakinen zati bat lur-dikeen nukleo gisa berrerabiliko da, eta kalitatezko landare-lurra erabiliko da estaltzeko. Aldez aurretik edo obrak iraun bitartean agertzen diren hondakinak edukiontzietan bereiziko dira, kudeatzaile baimenduari eramateko. Bideak gauzatzeko, artekak, ur-pasabideak, material birziklatuz egindako betelanak, alboetako arekak eta ezponden finketa egingo dira.
Lan horiek amaitzean, 2021ean, beste obra osagarri batzuk kontratatuko dira, esaterako ureztatze-sarea handitzeko, lurzoruari materia organikoa gehitzeko eta eremua erein eta landareztatzekoak.