Lorategiak ikasteko tresna eta bitarteko terapeutiko gisa
Udalsarea 2030en laguntza bat (25.000 eurokoa) jaso du Udalak, hiru proba-proiekturen bitartez Gasteizko azpiegitura berdea era partekatuan eraikitzeko programa bat garatzeko: Txagorritxuko haur-eskolako jolastokia naturalizatzeko proiektua; Urarteko udal baratzeetan (Abetxuku) ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategia sortzeko proiektua, Itxaropena elkartearena, eta Adurtza okupazio-zentroan (Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du) adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonentzako mikropaisaia edo berdegune terapeutikoa sortzeko proiektua.
IGIk sustatuko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan txertatu ditu hiru ekimen horiek alkateak. Estrategiaren helburua da “hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, parke, lorategi, kale, plaza zein erreketan esku hartuz, baita beste aukera-espazio batzuetan ere, hala nola eraikinak eta erabiltzen ez diren orubeak. Ekintza horien xedea da biodibertsitatea handitzea, uraren kudeaketa hobetzea, CO2ren eta beste kutsatzaile batzuen xurgapena handitzea, eta funtzio soziala hobetzea, besteak beste. Esku-hartze horiei guztiei esker, Azpiegitura Berdearen Sistema osatzen ari da, eta hori, era berean, hiriak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duen ahalmena hobetzen ari da, baita herritarren osasuna eta ongizatea ere.”
Orain arte Gasteizko Udalak sustatu eta gauzatu ditu jarduera horiek, berdegune eta espazio publikoetan. Baina ekipamendu pribatuetan ere garatu daiteke azpiegitura berdea, esaterako, auzo-komunitateetako patioetan, ikastetxeetan edo osasun eta asistentzia zentroetan. “Orain mota ezberdinetako hiru proba-proiektu hauek (hezkuntza, asistentzia eta terapia alorretakoak) planteatzen dira, eredugarri izan daitezen eta ingurumen- eta gizarte-onurak ekar ditzaten, eta gero Gasteizko beste leku batzuetan eta beste udalerri batzuetan kopiatzerik izan dadin“, azpimarratu du alkateak.