eues

Albistea

Life IP Urban Klima 2050 proiektuaren bilera bat egin da Europa jauregian Europako gainbegiraleei proiektuaren aurrerapenak erakusteko

Urban Klimaren bileraren ikuspegia

Gasteizko Europa Kongresu Jauregian egin zuten otsailaren 20 eta 21ean Life IP Urban Klima 2050 programaren informazio-saioa. Vitoria-Gasteiz ekimen horretako kidea da beste 20 erakunderekin batera. Proiektuak lurraldea klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko 40 proiektu bultzatzen ari da.

Hurrengo urteotan klimarekin lotuta Euskadin egingo den ekintza-proiektu handiena da eta, horri esker, zuzenean 19,8 milioi euroko inbertsioa egiten ari da klima arloko ekintzetarako. Horren guztiaren % 51 Europar Batasunak finantzatzen ari da.

Europako Batzordeko CINEAko proiektuburuak eta ELMENeko begiraleak programaren jarraipena egiteko asmoz Euskadira egindako bisitari lotua egon zen bilera. Europako ordezkariek zuzen-zuzenean ezagutu zituzten proiektuaren II. fasea amaitu ostean LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak egindako aurrerapenak eta hurrengo hilabeteotarako aurrez ikusita daudenak.

Europa Jauregian bildu ziren bazkide diren erakundeetako ordezkariak orain arte egindako jarduerak aurkezteko asmoz. Landa-bisitak ere egin zituzten aurrerapen horietako batzuk in situ ezagutu ahal izateko.

Ekitaldian parte hartu duten teknikariak
Urban Klima 2050 proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren baitako Ihobe sozietate publikoak zuzentzen du eta hogei erakunde inguruk parte hartzen du bertan. Gasteizko Udalaz gain, honako erakunde hauek dira partaide: Bilboko, Donostiako, Bakioko, Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Zarauzko udalak, hiru foru-aldundiak, Eusko Jaurlaritzako eta udal mailako sozietate publiko batzuk, teknologia- eta ikerketa-zentroak (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

Landa bisista Basaldean

Isuriak gutxitzea

Horren helburua da Euskadiko lurraldea eraldatzea egitasmoak iraungo duen sei urteetan, klima-aldaketarako egokitzapena bultzatzeko 40 proiektu eta ekintza koordinatuta. Gainera, 2030. urterako negutegi-efektuko gasen isuriak % 40 gutxitzeko helburua duen Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiaren, KLIMA 2050en, hedapen eraginkorra bultzatuko du.

Estrategia horren erronketako bat da hirietan eta herrietan erresilientzia-tresnak barneratzeko zeharkako ekintzak eraikitzea, administrazioa klima-aldaketaren aurkako borrokaren adibide izan dadin lortzea eta intereseko sektoreetan aplika daitezkeen ekintza berritzaileak bideratzea.

Aldi berean, helburu hauek ere baditu: ezagutza sortzea gero erabakiak hartzeko prozesuan erabiltzeko, funtsezko eragileekin eta herritarrekin batera konponbideak diseinatzeko partaidetza-prozesuak eraikitzea eta herritarrak ahalduntzea ingurumenarekin lotutako konpromiso iraunkorra lortzeko.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala