Jundizko Industrialdeko ingurunearen Paisaiaren Ekintza Plan bat idatzi du Udalak
Vitoria-Gasteizko Udalak (CEAk eta Ingurumen Sailak), Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin eta ATALAYA eta Prometea enpresen laguntza teknikoarekin, prestatu dute Jundizko industrialdearen esparruko paisaia kudeatu eta ordenatzeko tresna hori.
Gasteizko gune bakana da, Arabako lautadaren hegoaldeko sarreran baitago eta hiriaren aurkezpenerako eta irudirako ate nagusietako bat baita. Horrez gain, ingurumenaren ikuspuntutik potentzial estrategikoa dauka, ekologikoki Badaiako mendilerroa eta Zadorra ibaia Gasteizko mendiekin lotzeko gune nagusia baita.
Lanak agerian utzi ditu Jundizko inguruneak balio nabarmenak dituela ingurumenaren, kulturaren eta ondarearen aldetik, baina baita mehatxuak jasaten dituela garapen industrialak eta garraio azpiegituren sorrerak sortu duten eraldaketaren ondorioz.
Testuinguru horretan, planaren xedea izan da nabarmen uztea paisaia jasaten ari den narriadura, horiek alderantzikatu ahal izateko. Horretarako, lurraldearen funtzionamendu ekologikoa eta bere ondare material zein immateriala aztertu da, eta horietan oinarrituta, bizi kalitatea okertu dezaketen inpaktuak arintzeko proposamenak egin dira, eta ez soilik ikusizko inpaktuak murrizteko, baita sentsorialak, segurtasun faltari lotutakoak eta mugikortasuna murrizten dutenak arintzeko ere.
Jundizko Industrialdeko ingurunearen Paisaiaren Ekintza Planak lehendik Udalak hasita eta exekutatuta dituen zereginetako batzuk orientatzera dator. Zeregin horien artean daude Jundizko muinoa erabilera publikorako egokitzeko egin diren lanak eta gune degradatu eta kutsatuak leheneratzeko fitoerremediazio bidez egin diren ereite lanak.
Garatutako prozesu metodologikoari esker, bai herritarrek bai eragile publiko eta pribatuek beren iritziak eta pertzepzioak adierazi ahal izan dituzte, eta erabakiak hartzeko ikuspegi berriak ekarri dituzte.
Diagnostikorako egindako lanetatik eta herritarren parte-hartzerako lantegietatik abiatuta, esparru horretarako premiak zehaztu dira eta kalitate paisajistikoa hobetzeko hiru helburu handitan bildu dira.
- Ingurumen kalitatea hobetzea
- Kultur ondarearen erabilera eta sustapena hobetzea
- Paisaiaren integrazioa eta hobekuntza sentsoriala
Analisi ariketa honetatik hasita, Aurrerapeneko Gidalerro Estrategikoak garatu daitezke, eta etorkizunean Jundiz ingurunean egin daitezkeen esku-hartzeak lagundu ahal dira.
> Jundizko Paisaiaren Ekintza Planaren oroitza-txostena (PDF)