Albistea

AIMJBren XVIII. Kongresua Olarizuko Lorategi Botanikoan egin zen 2026ko ekainean

2026ko ekainaren 9tik 12ra bitartean, Lorategi Botanikoen Elkarte Ibero-Makaronesiarraren (AIMJB) XVIII. Kongresua egin zen Olarizuko Lorategi Botanikoan. Bertan, gainera, elkartearen Batzar Nagusia egin da, Zuzendaritza Batzordea berritzeko.

Botanikoak hainbat lorategi botaniko eta unibertsitateren teknikariak jaso zituen. Guztira 50 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. "Bilduma botanikoak, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen kudeaketa eta kontserbazioa" lelopean, agerian geratu zen topaketa horretan lorategi botanikoak aspaldi utzi ziotela landare-erakusketak izate hutsari, eta ikerketa, kontserbazio eta gizarte-ongizaterako zentro estrategiko bihurtu direla. Lorategi botanikoak azpiegitura zientifiko giltzarriak dira, landare bizien bildumak, hazien eta beste landare-propagulu batzuen bankuak eta herbario fisiko eta digitalak dituztenak. Horiek guztiak landare-biodibertsitatea eta haren ekosistema-zerbitzuak lurralde-eskala desberdinetan kontserbatzeko zerbitzura daude.

Gure floraren etorkizuna bermatzeko, germoplasma eta DNA bankuen lana gero eta baliotsuagoa dela eta funtsezko oinarrietako bat dela azpimarratu zen. Nabarmen geratu zen mehatxatutako espezieen haziak biltzeko eta kontserbatzeko sarean antolatuta daudela, eta epe luzera haien bideragarritasuna bermatzeko kontserbazio-teknologia egokiak erabiltzen dituztela. Horrela, haziak behar denean ernarazi daitezke —aurretik ernetze-saiakuntza zorrotzak egin ondoren—, natura-ingurunean berreskuratze edo populazioak indartzeko proiektuetan erabiltzeko; aldi berean, epe luzerako segurtasun-bildumak ere gordetzen dira.

Hainbat proiektu aurkeztu ziren, ezagutza botanikoaren aplikazio praktikoa hiri-inguruneetan dagoeneko errealitate dela erakusten dutenak. Besteak beste, hiriko iturriak landare urtarren bidez eltxoen populazioa modu naturalean kontrolatzen duten ekosistema bihurtzea. Era berean, lorezaintza jasangarriaren aldeko apustua egiten da, heskai tradizionalen ordez bertako espezieak erabiliz; horrela, ur-kontsumoa eta mantentze-lanak murrizten dira.

Jardunaldietan agerian geratu zen teknologia berriak ezinbestekoak direla zientzia modernoan. Horrela, herbarioen digitalizazioari esker, bildutako, lehortutako eta taxonomikoki sailkatutako milaka herbario-orri mundu osoko erabiltzaileen eskura jartzen dira.

Klima-aldaketara egokitzeko lorategiek egin beharreko bideari buruz ere hausnartu zen. Horretarako, polinizatzaileentzako habitatak funtzionalki leheneratzeko proiektuak eta berez hazten den floraren (oker "belar txar" deitu ohi denaren) kudeaketa aztertu ziren, lurzoruen erresilientzia hobetzen laguntzen baitute. Lorategi botanikoak laborategi bizi gisa sendotzen ari dira, berotze globalaren ondorioak ulertu eta arintzeko ezinbesteko tresna bihurtuta.

Gizartearen ikuspegitik, botanika eta osasun mentala uztartzen dituzten proiektu berritzaileak aurkeztu ziren, pazienteek benetako proiektu zientifikoetan parte hartuz. Halaber, lorategi botanikoak diziplina anitzeko hezkuntzarako baliabide gisa berretsi ziren, botanika ezagutzaren hainbat arlo ikasteko bide egokia izan daitekeela erakutsiz. Azkenik, nekazaritzako barietate tradizionalen kontserbazioa ere jorratu zen —Andaluziako garia edo Zallako tipula morea, esaterako—, ondare genetikoa ez ezik, ezagutza etnobotanikoa eta elikadura-burujabetza ere zaintzeko.

Beste behin ere, AIMJBk egungo komunitate botanikoa zorroztasun zientifikoaren eta gizartearekiko konpromisoaren erreferentzia gisa aurkeztu du, eta berretsi du landareak babestea, azken batean, gure osasuna eta kultura babestea dela.

Topaketa honek Vitoria-Gasteizek European Green Capital hiri gisa egindako ibilbidea indartzen du; Olarizu Eraztun Berdearen barruan sendotzen du, eta VIT herbarioaren garrantzia nabarmentzen du (Arabako Natura Zientzien Museoak zaintzen duen nazioarteko erreferentziazko eta aitzindarietako bilduma).

Kongresuari amaiera emateko, ekainaren 13an  “Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian” liburua aurkeztu zen Olarizun. Bertan, egileek belaunaldiz belaunaldi transmititutako natura- eta kultura-ondarea bildu dute, 116 zuhaitz-espezieren ezaugarriak, egitura, ekologia, paisaia eta erabilerak ezagutarazteko.

Interesa dakizuke