Holisoils europar proiektuan lanean hasi dira CEA eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzua, Basque Center for Climate Change erakundearekin batera
HoliSoils proiektua 2021eko amaieran hasi zen, basoetako lurzoruek ekosistemetan eta zerbitzu ekosistemikoetan (egur baliabideak, uraren erregulazioa, karbonoaren metaketa) duten funtsezko papera aldarrikatzeko.
Proiektuaren xede nagusia da lurzoruak monitorizatzeko sare bat osatzea basoen kudeaketa holistikoa posible den aztertzeko. Kudeaketa berri horrek klima aldaketa arintzen lagunduko luke, basoak aldaketa horretarako moldatzeko balioko luke eta komunitateei emandako zerbitzuak eta ongizatea hobetuko lituzke. Nazioarteko 20 zentro eta erakunde ari dira parte hartzen proiektuan, beren metodologiak eta ezagutza partekatuta bere helburuak bete daitezen.
Gure udalerrian, CEA eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzua dira, BC3 (Basque Center for Climate Change, bazkide nagusia) erakundearekin batera, parte hartzen ari direnak. Lehen lana Gamiz herriko lurretan baso lursail bat, gure eskualdean oso tipikoa den erkamezti bat (Quercus faginea), monitorizaziorako prestatzea izan da.
BC3-k jarraipen zientifikoa egingo du, CEAk landa lanak kontratatu eta koordinatuko ditu eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak baimenak kudeatuko ditu eta baso lanak ikuskatuko ditu. Denen artean, emaitzen zabalkundea egingo da eta identifikatutako praktika onak tokiko kudeatzaileei jakinaraziko zaizkie. Otsailaren 5ean dibulgazio hitzaldi bat egingo da Gamizko herritarrentzat.
2021an hasi ziren proiektuko lanak: CEAk hektarea bateko baso lursail bat hartu zuen lan eremutzat Gamizen, eta bertan hiru baso tratamendutarako lanak gauzatu ziren (kontrola, % 50eko bakanketa eta % 100eko arraseko mozketa), lau aldiz, eta egur hondarrak birrindu egin ziren edo kordoitan pilatu ziren. Horrela, entseguetarako 24 lursailtxo sortu ziren. BC3 zentroak, berriz, lurzoruaren hasierako laginak hartu zituen eta kontroleko gailuak instalatu zituen. Proiektua jakinarazteko dibulgazio saio bat ere egin zen.
