Herrandarren kaleko ingurumen-egoera aztergai
CEAk sustatutako azterketa horren helburua Herrandarren kaleko ingurumenaren eta egoera sozialaren erradiografia egitea da, datozen bi urteetarako aurreikusita dauden lanen bidez ardatz berde handia bihurtzeko birmoldaketak egin aurretik. Asmoa da gauza bera egitea 2026an, emaitzak alderatzeko eta ingurumenaren kalitatean eta espazioaren erabileran izandako hobekuntzak agerian uzteko.
3 astetan zehar (maiatzaren 8tik 29ra), Jesus Obrero Fundazioa (Egibide) – Fundazio Diozesiarreko Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko Goi Mailako Lanbide Heziketako lehen mailako 13 ikaslek airearen kalitatea, zarata, tenperatura eta hezetasuna neurtuko dituzte Herrandarren kale inguruan. Halaber, behaketak egingo dituzte espazioa nola erabiltzen duten ikusteko, eta kaleko inkestak egingo dituzte herritarrek nola hauteman eta baloratzen duten jakiteko.
Lan horiek Gasteizko Udalaren eta Egibide ikastetxearen artean prestakuntza-egonaldiak eta ikaskuntza profesionalerako praktikak egiteko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan daude.
CEAk Bartzelonako Osasun Orokorreko institutu Fundazioa (ISGlobal) erakunde laguntzailearekin batera aztertuko ditu bildutako datuak.