eues

Albistea

Herrandarren kalea berritzeko lanak abian jarri dira

Herrandarren kaleko erreforma azken legegintzaldietan espazio publikoak hobetzeko egin den proiekturik anbiziotsuenetakoa izango da. Tokiko Udal Gobernuak ezohiko bilkuran onartu du Herrandarren kalea eta ingurua naturalizatzeko obren lehen fasearen kontratazio-espedientea, Europar Batasuna-NextGenerationEUk finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Lizitazio-kontratuaren aurrekontua 13.530.975 eurokoa da -BEZa barne-, eta honela daude kostuak banatuta:

  • 8.075.170 euro Gasteizko Udalaren kargura egongo dira, horietatik Europako finantzaketaren 2.024.000 euro Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren parte den Biodibertsitatearen Fundazioak emango ditu.
  • 3.431.805 euro AMVISA uren sozietatearen kargura egongo dira, proiektuaren barruan dauden hornikuntza-, drainatze- eta saneamendu-azpiegituren berrikuntza ordaintzeko.

20 hilabeteko epea dago lanak gauzatzeko, gutxiago ere izan daiteke, eta horietan Herrandarren kalearen erreforma egingo da Done Jakue eta Monseñor Estenaga kaleen artean, eta Salvador Allende Zidorraren eta Sierras Alavesas kaleen artean dagoen Jose Mardones kalearen espazioan, zeinak iparralderantz doan trafikoa hartuko baituen. Hala, Herrandarren kalean paseo handi bat gaitu ahal izango da.

«Erreforma honen bidez, espazio publikoaren kontzeptua eraldatu nahi dugu, bizitzeko modu berriak ahalbidetzeko, garbiagoa izan dadin, zarata gutxiago sor dezan, naturarekin harreman handiagoa izan dezan, elkarreragin sozialerako espazio handiagoa izan dezan, merkataritza-jarduera sustatzeko ohitura osasungarriak bultza ditzan eta, azken batean, hobeto bizi dadin», adierazi du Gorka Urtaran alkateak, Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziarekin batera proiektu hau aurkezteko agerraldian.

Ardatz berdea eta oinezkoentzako ardatz nagusia

Erreformaren proposamenak kalitatezko espazio publiko berri bat eskainiko du egoteko eta erlaxatzeko. Natura-izaera oso berdea duen bide baten bitartez sartzen da hirian, eta parke lineal moduko bat sortzen du, oinezkoentzako espazio handiekin, herritarrek goza dezaten, bai eta haurrek jolasteko eremuekin ere. Eremu horiek pergolak izango dituzte haurrak babesteko.

Jolaserako eremuan landarez, altzifrez eta iturburu gisa funtzionatuko duten hornitzailez inguratutako urmaelak egongo dira. Hiru eremu pergolekin estalita egongo dira eta ura urmaeletara bideratuko dute. Beste biak inguruko zuhaitzen itzalpean egongo dira. Urmaelak lotuta egongo dira kanal baten bidez, eta ur-jauzi txiki baten bitartez isuriko ditu urak azken urmaelera.

Zelai berde handi bat egongo da, eta egungo konifero handiek zein landatuko diren berriek osatuko dute pasealeku nagusia. Bertan jolastu eta atseden hartu ahal izango da. Proiektuan sortutako beste bi berdeguneekin batera, proposamena da Artiumen aire libreko erakusketa-eremuen parte izatea, eta horretarako, baldintzen pleguak hobekuntza puntuagarri gisa proposatzen du lekuan integratu daitekeen proposamen artistiko baten eskaintza egitea. Done Jakue Hiribidetik hurbilen dagoen parke linealaren muturrean txakurren aisialdirako eremua egongo da.

Oinezkoen mugikortasuna nabarmen hobetuko da ardatz osoan zehar, espaloi osagarri zabalak izango baitira, hainbat hiri-altzarirekin. Bizikleten mugikortasunak, bestalde, hobera egingo du, motordun trafikotik bereizitako bidegorri berria egingo baita.

Herrandarren kale berria klima-aldaketaren aurka egiteko hiri-eremu gakoa bihurtuko da, bero-irlaren efektua murrizteko sortuta dagoelako (zuhaitz gehiago, asfalto gutxiago), euri-uren filtratze- eta biltegiratze-gaitasuna handitzeko aukerak eskaintzen dituelako eta CO2 atzemateko gaitasuna handituko delako.

Gaur onartutako baldintzen pleguaren barruan, baloratu beharreko alderdi ugari daude. Halako ezaugarriak dituzten lehiaketetako ohiko kontzeptuez gain (eskaintza ekonomikoa, bermearen epea handitzea, gauzatzeko epea murriztea…), hain ohikoak ez diren beste irizpide batzuk aurreikusi dira:

  • Berdeguneetan txertatzeko proposamen artistikoak protagonismo berezia izango du balorazio teknikoan. Artelanak berriak izan beharko dira eta ingurumenaren, arkitekturaren eta/edo esku hartu beharreko espazioen ondarearen osotasunari garrantzia eman beharko diote.
  • Bidegorri berriaren lurzoruaren gainean Euskadi-Nafarroa trenbide zaharra gogorarazten duten proposamenak azartzea baloratu egingo da. Trenbide hori bide berdea da egun. Tren horrek Herrandarren kalean zuen ibilbideko geltoki nagusia, eta hori gogorarazi nahi da mugarri informatiboen bidez.
  • Era berean, oinezkoentzako espazioetarako zehaztutako galtzada-harriak iragazkorrak, lohiaren aurkakoak eta kutsadura ezabatzen dutenak izatea baloratuko da.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala