Alde Zaharreko Harategi kantoiak eta Santa Ana kantoiak osatzen duten ardatzaren berdatzerako lanak hasi dira

Tokiko Gobernu Batzordeak, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren bitartez, Harategi kantoiak eta Santa Ana kantoiak osatzen duten ardatzaren berdatze proiektuaren kontratazio espedientea onartu du. Alde Zaharra birnaturalizatzeko eta natura hiriaren erdigune historikora hurbiltzeko planaren baitan dago jarduera hau. Esku-hartzea Eusko Jaurlaritzak koordinatu eta Europar Batasunak finantzatutako Europako LIFE IP Urban Klima 2050 programaren barruan dago. Gasteiz mailan, proiektua Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak koordinatzen du, Alde Zaharreko hirigunea berdatzeko prozesu orokorraren baitan.
Alde Zaharrean egingo den mota horretako lehen jarduera da; proiektu pilotua da, eta etorkizunean egingo diren hiri berdatze lanetarako eredugarri bihurtuko da. Beste kale batzuetan ere antzeko lanak izango dira: orotara, Harategi kantoian, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kalean, Gasteiz kalean, Santa Ana kantoian, San Bizente Paulekoaren kalearen zati batean eta San Ildefonso kalean egingo dira berrikuntzak.
Helburua da espazio horiek naturalizatzea eta edertzea, eremu atseginagoak, bizitzeko egokiagoak eta jasangarriagoak sortuz, ondarez betetako gune batean bizikidetza, atsedena eta eguneroko bizitza sustatzeko. Proiektuak “kaikuen” kontzeptua sartuko du. Altzairuzko eta zurezko jardinera biribil handiak dira, eta landaredia, bankuak eta plataformak uztartuko dituzte, kantoietako maldetara egokituz. Pieza horiek mikrouharte berde gisa funtzionatuko dute, eta freskura, itzala eta biodibertsitatea eskainiko dituzte. Mantentze eta ureztatze behar txikiak dituzten landareak jarriko dira horietan.
Lanek 269.284 euroko aurrekontua eta 18-20 asteko gauzatze epea dute. Lehen jarduerak datozen asteetan hasiko dira, eta landaketak azaroa eta martxoa bitartean egingo dira, hori baita landareen sustraitzea bermatzeko garairik egokiena.