Green Lab 2020-21 ikerketen emaitzak
Green Lab Gasteizeko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren ekimen bat da. Laborategi esperimental honek hiriaren eta inguruko lurraldearen baitan lan egin nahi du, garapen iraunkorrarekin eta bizi kalitatearen hobekuntzarekin harremanetan dauden “eredugarri” diren estrategiak ikertuz eta sustatuz.
2020-2021 ikasturtean Lasarteko legardietan dagoen ingurumen problematika konplexua aztertzeko ikerketa hitzarmenak luzatu ziren. Toki horretako lurzoru kutsatuak, landaredia eta lurpeko urak analisirako eta monitorizaziorako esparru ari dira izaten, eta horretarako hiru hitzarmen daude, bakoitzerako bana, Neikerrekin, EHU/UPVko Landare Biologia eta Ekologia sailarekin eta EHU/UPVko Geologia sailarekin. Era berean, BC3 (Basque Center for Climate Change) erakundearekin dagoen hitzarmena ere luzatu da, herritarrek Eraztun Berdeari esleitzen dizkioten natura balioak aztertzeko.
Amaitutako ikerketa lerroek ondoren azaltzen diren emaitzak izan dituzte.
Lurzoruen kontserbazioa (Neiker)
Carlos Garbisu doktorearen zuzendaritzapean, Gasteiz hegoaldean dauden Lasarteko legardietako lurzoru kutsatuaren osasuna leheneratzeko moduak ikertu ziren. Horrela, etorkizunean parke publiko bat sortuko bada bertan, analisiak aurreratuta edukitzeko. Entsegu bat egin zen laborategian legardietatik ateratako lurzoruekin.
Entseguaren ondorio nagusiak honakoak izan ziren:
- Erremediazio biologikoko tratamenduak ezarri ziren baina ez zen lortu lurzoruaren kutsadura mailak jaistea VIE-B mugak gainditu ez zitzaten, baina lurzoruaren osasuna nahikotxo hobetu zen. Hain zuzen, ongarri organikoek suspertu egin zituzten jarduera, biomasa zein mikrobioen dibertsitatea, eta fitoerremediaziorako erabilitako landareek mikrobio komunitate errizosferikoak eta mikrobioen biodibertsitatea sustatu zituzten.
- Ur araztegiko lokatz konpostatuen aplikazioari dagokionez, antrazenoaren eta poliklorobideniloen kontzentrazio osoak jaitsiarazi zituzten.
- Oro har, eragin positiboena izan zuen tratamendua, bai lurzoruen kutsadura jaisteko orduan bai bere osasuna hobetzeko orduan, ur araztegiko lotzak konpostatuak eta alfalfa (Medicago sativa) landaketak konbinatzetik etorri zen.
Fitoerremediazioa (EHU/UPV)
Txema Becerril doktoreak zuzentzen duen Ekofisko taldea goian azaldutako taldearekin elkarlanean aritu zen, Lasarteko legardietako lurzoru kutsatuetan fitoerremediaziorako landareak nola erabili ikertzeko.
Ikerketa baldintza kontrolatuetan gauzatu zen, legardietan bildutako lurzoruarekin. Lehenengo, bioestimulazioko eta fitoerremediazioko estrategien egokitasuna ebaluatu zen, eta ondoren, tratamendu bakoitzetik eratorritako lurzoruen eta landare ehunen laginak hartu eta prozesatu ziren. Zehaztutako adierazle kimikoen (kutsatzaileen kontzentrazioa lurzoruan) eta begetalen (biomasa ekoizpena, gas trukeen parametroak, fluoreszentziaren zinetaka eta pigmentuen eta konposatu antioxidatzaileen edukia) arabera, ikusi zen, goian aipatu den bezala, alfalfa eta araztegietako lokatzen konbinazioa zela estrategiarik onena. Ikerketa amaitzeko, proposamen bat egin zen entseguak legardietan bertan erreplikatzeko.
Azken lankidetza hitzarmen horri esker, hainbat pertsonaren unibertsitate prestakuntza sustatu da, bai doktoretza tesiak garatzeko bat gradu amaierako edo master amaierako lanak egiteko.