Gasteizko eremu berdeak hegaztiz eta bizitzaz betetzen dira zuhaitzen eta soropilaren kudeaketa jasangarriari esker eta parkeetan habia-kaxak instalatu izanagatik
Gasteizen hiri barruko eremu berde asko dago, parke eta paseo zabalak, zuhaitz-, zuhaixka- eta soropil-landarez beteta. Baina eremu berde horiek guztiek kalitatezko ekosistema gisa ere funtzionatzen dute. Hala frogatzen du gaur egun Arabako hiriburuan bizi diren hegazti-espezieen barietate handiak. Azken urtean, guztira 72 espezie hegazti ikusi dira hirian. Eta arlo horretan, Udalak lanean jarraitzen du hegazti-faunaren dibertsitate hori handitzeko zenbait ekimenen bidez: belar-mozketen kudeaketa, zuhaitz eta zuhaixken landaketa eta maneiua eta habia-kaxak jartzea.
Hegaztientzako funtsezko babes- eta elikadura-eremua belarra da, batez ere txikienentzat (paseriformeak). Haientzako altuera egokia lortzeko, Mugikortasun eta Espazio Publikoaren Sailak, Eraztun Berdearen Unitatearekin lankidetzan, belar-mozketa urtean 5etan egiten du hiriko eremu batzuetan, eremu gehienak maizago mozten diren arren, urtean 10 edo13 aldiz, gutxi gorabehera. Hala, urtean bostetan mozten diren eremu horietan babes hartu ahal izaten du neurri txikiko faunak, hala nola intsektuek. Intsektu horiek jaten dituzte, aldi berean, zenbait hegaztik: txinbo kaskabeltzak (Sylvia atricapilla), karnabak (Carduelis carduelis) edo euli-txori beltzak (Ficedula hypoleuca). Azken hori Euskadin “arraro” gisa katalogatuta dago eta udan izaten da Gasteizen. Bioaniztasunaren alde hartutako beste kudeaketa jasangarriko neurri bat da zuhaitzak kimatu eta moztu aurretik ikuskapen bisuala egitea, hegaztiak kumatzen ari diren zuhaitzik ez dela kimatuko eta moztuko ziurtatzeko.
Bestalde, 2021ean apo-hontzen (Otus scops) 34 habia-kaxa jarriko dira hiriko zenbait eremutan. Gaueko harrapari migratzaile txiki bat da, batez ere intsektu handiez elikatzen da eta gure hiria kolonizatu du azken hamarkadetan. Elementu horiek hiriko parke ugaritan jarriko dira, hegaztiak badaudela badakigunetan, behin betiko ezar daitezen, eta ez dagoen beste batzuetan. Habia-kaxa horiek jartzeko oinarrizko irizpidea da zuhaitz handi eta helduetan jartzea, etxebizitzetatik ahalik eta urrunen, harrapariarentzat nahiz herritarrentzat eragozpenik ez izateko.
2017an, gainera, Hiri-paisaiaren Unitateak hiriko eremu berdeetan kumatzen diren hegazti-populazioen urteroko jarraipena egiteko 100 puntuko sarea jarri zuen martxan. 2020an 72 espezie ikusi dira. Harrigarria da aniztasuna; izan ere, hiri barruan nekazaritza-inguruneekin lotutako hegaztiak (29 espezie), baso-espezie ugari (25 espezie, % 32,4), eta nagusiki hiri-inguruko hegaztiak (7 espezie), eta uretako 11 hegazti-espezie ere topa ditzakegu, kasu horiek gehienetan Salburuko hezegunetik gertu izan diren arren. Aberastasun horrek erakusten du Gasteizen hiriko eta hiri-inguruneko eremu berdeen sarean topa daitekeen inguruen ugaritasuna eta bioaniztasuna handitzeko eta kontserbatzeko duen potentziala.
Hegaztien halako ugaritasuna, zalantzarik gabe, habitataren kalitateari esker lortzen da, neurri handi batean Gasteizeko Udaleko Paisaia Unitateak landare-espezie ahalik eta anitzena izatea sustatuz, eremu berdeen dentsitate handiari eutsiz, belar-mozketen kudeaketagatik eta habia-kaxak jartzearen moduko neurri zehatzei esker lortzen da.