Gasteizek Txagorritxu haur eskolan estreinatu du jolastokiak naturalizatzeko estrategia
Gasteizek jolastokiak naturalizatzeko estrategia estreinatu du, Txagorritxu haur eskolako jolastokia eraldatu baita; udalerriko hezkuntza-komunitatearen eskaerari erantzunez sustatu du Udalak estrategia, IGIren Hiri Azpiegitura Berdearen proiektuaren ildotik. Lehen esku-hartze hori gidari izango da hiriko beste ikastetxe batzuetan aurreikusitakoentzat, eta IHOBEk eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hautatu eta finantzatutako programa baten barruan kokatzen da, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko proiektuentzako laguntza-ildo baten barruan.
Proiektu pilotu hori bisitatzera joan dira alkate Gorka Urtaran, alkateorde Maider Etxebarria, IHOBEko Klimaren aldeko Ekintzaren zuzendari Mª Mar Alonso, Haurreskolak partzuergoko kudeatzaile Elena Aizpuru eta Txagorritxu haur eskolako koordinatzaile Elena Hernández; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak landu du proiektua, eskolako hezkuntza-arduradunekin eta inplikatutako beste eragile batzuekin batera, hala nola Udalek Kultura Saila, Mantentze Saila eta Hiri Paisaiaren Atala.
“Eskola-jolastokiak naturalizatzeko estrategiaren helburua da eskola-komunitateak naturarekin harremana izan dezan ahalbidetu eta sustatzea. Estrategia horrek biodibertsitatea handitzen lagunduko du, eta txoko ekologiko berriak sortzen. Eskola-jolastokien naturalizazioak, gainera, hiriaren barruko zerbitzu ekosistemikoak berreskuratu eta indartzen ditu, udal honek garatutako hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren funtsezko helburua baita“, nabarmendu du alkateak bisitan. Gorka Urtaranek eskerrak eman dizkio eskola-komunitateari hartu duen konpromisoagatik; izan ere, “aintzat hartu eta bere egin du eskola-esparruaren barruan bizi-euskarria eta biodibertsitatea areagotzeko lana, errutinak eta jarduerak ingurune berrira egokituz, eta jolastokiak benetako topagune bihurtu ditu, inklusiboagoak eta berdinzaleagoak eginez“.
275 m2 lorategi-eremu, zuhaitz eta zuhaixkez hornituak
Zehazki, Gasteiz hiribideko haur eskola horretako jolastokiko eremu libreetan esku hartu da, lehendik zeuden asfaltozko zoladuran zein kautxu jarraituzko zoladuran. Egungo zoladura iragazgaitzen zati bat lorategi itxurako landare-azalerekin ordeztu da, eta, ondorioz, lurzoru naturala berreskuratu da. Zehazki, 200 m2 asfalto eta 75 m2 kautxu kendu dira, eta 275 m2 lorategi-azalera irabazi.
Horretaz gain, 17 zuhaitz, 57 zuhaixka eta 38 landare aromatiko landatu dira, eta belardia erein da. Orobat, muino bat sortu da jolastokiaren egungo topografia aberasteko, eta hiru edukiontzi instalatu dira, urarekin, lurrarekin, harriekin eta zurarekin lotutako jarduerak egin ahal izateko. Haurren jolasak ere aldatu eta egokitu dira, eta zegoen hareatzaren ordez berria jarri da.
Proiektuaren inguruko partaidetza-prozesua eta idazketa 2021eko otsailetik maiatzera bitartean egin zen. Obra ekainean esleitu zen, eta 2021eko uztailetik azarora bitartean gauzatu. Esku-hartzearen azken kostua 29.000 euro izan da, BEZa barne.
Grisetik berdera jolastoki guztietan
“Duela zenbait urte mugimendu bat sortu zen hezkuntza-komunitatean, eskola-jolastokiak leku inklusibo, berdinzale, jasangarri eta natural zein topatzeko gune bihurtzearen alde. Saskibaloian, futbolean edo beste kirol batean aritzeko balio izateaz gain, ikasgelaren hedapena bihurtzeko kezka dago, inklusioa, dibertsitatearen errespetua, hezkidetza eta ingurumen-hezkuntza ere lantzeko bertan. Gasteizen, 22 ikastetxek eta bertako guraso-elkarteek manifestu bat sinatu dute horren alde, eta Udalak egungo hezkuntza-irizpideen arabera egoki ez diren jolastokiak dituzten ikastetxeetan esku har dezan eskatu.
Babes horrekin, IGI, Hezkuntza Sailak eta Mantentze Sailak hilabeteak daramatzate eskola jolastokiak eraldatzeko proiektua lantzen, eta joan den astean aurkeztu zuten Ana Oregik eta Estíbaliz Cantok. Proiektu horrek, gainera, Elkarrekin taldearen bultzada du, 2020ko aurrekontu-akordioaren bidez.
Txagorritxuko ekimen pilotuaz gain, Mariturriko haur-eskola izango da hurrengoa grisetik berdera aldatzen; sailen arteko lantaldeak beste lau ikastetxe aukeratuko ditu datorren urtean, zeinetarako 180.000 euroko partida erreserbatuta dagoen orain eztabaidatzen ari den udal-aurrekontuaren proiektuan.