eues

Albistea

Gasteizek POSIDON (POlluted SIte DecontaminatiON) europar proiektuan parte hartuko du, CEAren bitartez; orotara 6 milioiko aurrekontua du

Gasteizek POSIDON (Polluted SIte DecontaminatiON) europar proiektuan parte hartuko du, CEAren bitartez; lurzoruak deskutsatzeko proiektu horrek 6 milioiko aurrekontua du orotara. Aurtengo martxoan, CEA Europako Batzordearen “Horizonte 2020” deialdira aurkeztu zen, AREA Science Park bazkide italiarrak gidatutako partzuergo baten barruan, zeinean Bilboko Udalak, IHOBE sozietate publikoak, TECNALIA teknologia zentroak eta beste bost kidek (Espainia, Portugal, Italia eta Belgikakoak) hartzen baitute parte, merkaturatu aurreko erosketa publikorako (PCP ingelesko sigletan) prozedura bat abiarazteko, zehazki, lurzoru kutsatuak lekuan bertan deskutsatzeko gauza den teknologia batena, orain lurrak hondeatu eta zabortegira eraman behar izaten baitira gehienetan.

PCPren ikuspegi berritzaileari esker, artean merkatuan ez diren teknikak garatu ahal dira, europar gizarte osoak aurre egin beharreko desafioei heltzeko. Gainera, deskutsatzeko teknologia garatu eta prestatzeko prozesuaren barruan, partzuergoan sartuta dauden bi lekutan (Bilboko eta Triesteko portuetan kokatuak) aplikatuko da lehen aldiz teknologia, kasu bakoitzean hektarea batean probatuz.

IGIk teknologiaren erosle potentzialen taldean hartzen du parte POSIDON proiektuan: lehiaketa prestatu eta gauzatzen lagunduko du, eta prozesua behatuko du. Zehazki, IGIko teknikariek lehiaketa-prozesua diseinatzen eta garatzen esku hartuko dute, proiektuan sortutako informazio eta ezagutza guztia eskuratuko dute, eta jarraipenean izango dira.

POSIDON proiektutik sortzen den teknologiak askotariko kutsadura-kasuei (dela iturriagatik dela lur-motagatik) erantzun ahalko die eta Europar Batasunaren interes orokorrekoa izango da. Europako Batzordearen laguntzaz eta POSIDONen bitartez, kutsatutako lurrak —Ingurumenaren Europar Agentziak kalkulatu du EBn 250.000 leku berehala deskutsatu behar direla— berreskuratzean ingurumena eta iraunkortasuna gehiago errespetatzea lortu nahi da. Zenbait teknika testatuko dira, besteak beste, fitoerremediazioa, zeina dagoeneko probatzen ari baita udal lursail batzuetan (Jundizen, A-1 autobidearen ondoan), PhytoSUDOE europar proiektuaren barruan, CEA horren bazkidea delarik.

Datozen asteetan jarriko da abian proiektua ofizialki, kontratua Europako Batzordearekin sinatzen denean; ondoren, 50 hilabete izango dira proiektua garatzeko, eta bukaerarako teknologia berria prestatu eta bi kasu proiektu pilotuak deskutsatuko dira. Proiektuak 6.189.075 euroko kostua du orotara, eta EBk 5 milioi jarriko ditu. 4,3 milioi teknologia berriaren erosketa publikorako erabiliko dira (I+G+B lanak eta bi probak barne), eta gainerakoa (46.687,5 euro) IGIrentzat izango da, aipatutako lanak egin ditzan.

Lursaila Jundizen

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala