Gasteizek Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatuko du aurten
Gasteizek Eraztun Berdearen 25. urteurrena. ospatuko du aurten. Gorka Urtaran alkateak aurkeztu du, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari Luis Andrés Orive lagun zuela, Udalak prestatu duen egitaraua, hiriaren ezaugarri behinenetako baten jaiotza oroitzeko. “Eraztun Berdeak 25 urte bete ditu, eta, gaur-gaurkoz, lehen mailako baliabide sozial, turistiko eta ingurumenekoa da hiriarentzat”, azaldu du alkateak. “Udalerri iraunkorra gara, 2012ko European Green Capital gara, eta harro esan dezakegu gure bizilagunak sentiberak direla ingurumenarekiko, eta konpromisoa dutela harekiko”, gehitu du Gasteizko alkateak.
2018an mende-laurdena betetzen dute gaur Eraztun Berdea dena egokitzeko lehen jarduerek. “Zalantza izpirik gabe, gure hiriaren ikonoetako bat da. Erronka eder baten emaitza da, zeinari eskjer gune narriatuak berreskuratu genituen, izadiarentzako eta aisialdirako. Asmatu egin genuen, baina orain babestu eta hobetu beharreko ondarea da. Ikuspegi horretatik, une hauetan dugun erronka nagusienetako bat Lasarte legar-hobien inguruan Larragorri parkea prestatzea da; ekimen horren xedea hegoaldeko ibaiek sortzen dituzten uholde-arazoei irtenbide natural eta iraunkorra ematea da, ura eta landaretza baliatuta”, aurreratu du Gorka Urtaranek.
Alkateak azpimarratu duenez, azken hilabeteetan CEAk jarduera eta ekimen egitarau berezi bat prestatu du, “zeinaren bitartez kolektiboak eta herritarrak inplikatu nahi ditugun, azken xedea delarik Eraztun Berdea sendotzeko beharrezkoa den akordio politiko eta herritarra indartzea”. Hartara, eta zenbait ekimen bitarte, asmoa izango da “orain arte egindako lana agerian jartzea eta aurrerantz proiektatzea, Eraztun Berdeak ingurumenaren eta herritarren bizi-kalitatean izan duen garrantzia nabarmentzea, herritarren parte hartzea sustatzea, hiri inguruko parkeekiko konpromiso- eta inplikazio-maila areagotzeko, eta ezagutza teknikoan aurrerapausoak ematea, horien bitartez Eraztun Berdearen kudeaketa hobetzeko aukera emango diguten ideia berriak praktikara eraman ahal izateko”.
Programa hiru esparru handiren inguruan egituratzen da. Lehenik eta behin, Eraztun Berdeari buruz herritarrek duten ikuspegia. Bigarrenik, adituen ikuspegia. Eta azkenik, Eraztun Berdea, gasteiztarren topagune gisa.
lehen esparruari dagokionez, Eraztun Berdeari buruzko argazki ederrenen erakusketa bat prestatu da Atarian; argazki horiek herritarrei zuzenduriko argazki-lehiaketa batekoak izango dira. Sare sozialak (Instagram, Facebook, Twitter…) izango dira lanak aurkezteko bidea, betiere martxotik aurrera. Gainera, beste erakusketa bat ere izango da, ibiltaria, non gasteiztarrek kontatuko duten nola bizi eta sentitzen duten Eraztun Berdea, nolako harremana duten berarekin. Profil desberdineko pertsonak izango dira, sektore desberdinetakoak. Irudiak aluminiozko kubo handitan ipiniko dira, maiatzean hasita, eta bideo batek lagunduko ditu.
Gainera, korten altzairuzko markoak paratuko dira Eraztun Berdeko zenbait leku berezitan, bisitariek beraietan argazkiak egin ahal ditzaten. Bi bideo ere egingo dira, Eraztun Berdeak adierazpen artistikorako duen ahalmen handia islatzeko.
Bigarren esparrua adituen ikupsgiari dagokiona da. Dagoeneko prestatu dira zenbait jardunaldi, foro eta lantegi tekniko, profesional, ikasle eta teknikariei zuzenduak, bai eta dibulgazio-hitzaldi sorta bat ere. Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean, ‘Gasteizko eraztun berdeak 25 urte. 2050era begira, hiria-izadia harremana berrosatzea’ izeneko jardunaldi teknikoak egingo dira. Hiru egunetan, hiri eta unibertsitateetako ordezkariek, teknikari eta profesionalek eta ordezkari politikoek eskarmentua eta lanak partekatuko dituzte. Jardunaldietan gaikako arlo hauek jorratuko dira:
- Eraztun berdeei buruzko ikuspegia eta funtzioak.
- Eraztun berdetik sistema berde integratura.
- Nekazaritza-eraztun funtzionalak, hiri- eta eskualde-eskalan.
- Karbonoan neutro diren hiri eta eskualdeak.
- Etorkizuneko bio-eskualdeak.
Gainera, maiatzaren 28tik ekainaren 8ra bitartean VI Paisaiari buruzko Gasteizko VI. Hiri Foroa egingo da. Alor horretan esparru nazional zein nazioartekoan diharduten ikasle, profesional eta ikerlariak arituko dira, deialdi publiko baten bitartez hautatuta, eta etorkizun-egoera eta Eraztun Berdea garatzeko eredu zenbait aurkeztuko dizkigute. Zuzendaritza tekniko eta akademikoan zenbait unibertsitate izango dira, esaterako Madrileko Unibertsitate Politeknikoa eta New Yorkeko SUNNY-ESF.
Urtean zehar, CEAk Hiri Ekologiaren Gelari eutsiko dio, non dibulgazioko hitzaldi zientifiko-teknikoak eskaintzen zaizkion pertsona interesatu orori. Honako gai hauek jorratuko dira: biodibertsitatea muturrera eramana; nekazaritza eta elikadura; azpiegitura berde eta urdina; artea eta izadia, paisaiaren etika eta estetika; pertzepzio berdea eta gizarte-topagunea; eta hiri-biodibertsitatea eta agroekologia aplikatua.
Hirugarren esparrua giza-topaguneari eskainitakoa izango da. CEAko arduradunek diotenez, “25. urteurrenaren xede nagusienetako bat Eraztun Berdea aisialdi eta kirolerako leku bezala –hots, gizarte-topagune– duen balioa aldarrikatzea da. Zenbait jarduera burutiko dira asmo horrekin: Esaterako: Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna, Ingurumenaren Mundu Eguna, Aste Berdea, Hegaztien Mundu Eguna (irailaren 30ean), Eraztun Berdeko XIII. Bizikleta Bira, eta Oinezko XIV.a… Egitarauari amaiera emateko,jendetza handia bilduko duen eta indar sinboliko handiko ekitaldi bat egitea planteatzen da, baina oraindik definitzeke dago.