Erdi Aroko hiriguneko berdeguneak areagotzeko azterlan bat enkargatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak
Laguntza teknikoa kontratatzea onetsi zuen maiatzaren 24an Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kontseiluak, Erdi Aroko hirigunearen naturalizazioan aurrera egiteko, esku hartzea bideragarria den bide publikoko eta ondare eraiki publiko nahiz pribatuko espazioak identifikatuko dituen eta bertan azpiegitura berdeen arloko esku-hartzeak planteatuko dituen lan baten bitartez. Hainbat jarduketa izan litezke posible, hala nola zuhaitzak eta igokariak landatzea, lorategiak eta loreontziak jartzea, besteak beste.
2004. urtean Gasteizko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia onetsi zenetik, esku-hartze ugari egin dira hiriko natura eta berdeguneak bultzatzeko. “Jarduketa horiei esker, hiriko biodibertsitatea eta horri lotutako ekosistema-onurak handitzea lortzen ari gara: airearen kalitatea hobetzea, klima-erosotasuna, euri-uraren iragazketa areagotzea eta abar. Bertako hirigintza-taxuera berezia dela eta, biztanle bakoitzeko espazio berdeen ratiorik txikiena duen auzoetako bat da Erdi Aroko hirigunea, eta, horregatik, lorategi-eremu txikiek eta beste elementu berde batzuek garrantzi handia dute”, azaldu du IGIko lehendakari Ana Oregik. Hain zuzen ere, berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udalak, auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera, gaur egun lanean diharduen Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat
Espazioak eta jarduketak proposatu aurretik, azpiegitura-sareekin, trafikoarekin, eraikitako ondarearekin, hirigintza-bilbearekin, jabetzarekin, zuhaiztiekin eta berdeguneekin lotutako baldintzatzaile fisiko eta legalak aztertuko dira. Era berean, planteatutako esku-hartzeen onarpen soziala eta horiek garatzeko eta mantentzeko herritarren inplikazio- eta partaidetza-maila hartuko dira kontuan, arrakasta bermatzeko faktore gisa.
Espazioen eta esku-hartzeen hainbat katalogo egingo dira —espazio eta esku-hartze bakoitzeko planoak, zirriborroak eta azalpen-txosten bana—, eta kudeaketa- eta mantentze-beharrak zehaztuko, baita aktore lokalen jarrera eta inplikazio-maila ere.
Azterketarekin batera, auzoa naturalizatzeko egokienak diren landare-espezieen katalogo bat aurkeztuko da, haien mantentze-lanen, etorkizuneko garapenaren eta horrek dakartzan ekosistema-onuren arabera. Halaber, azpiegitura berdearen kudeaketa partekatzeko proposamen bat egingo da.
urtearen hasieran azterlana prest egotea aurreikusten da.