Erdi Aroko Hiriguneko 55 espazio identifikatu ditu Gasteizek, berdez jantzi eta biodibertsitatea areagotzeko
Erdi Aroko Hirigunean, biztanle bakoitzeko 5 metro karratuko eremu berdea baino gutxiago dago. Hiriaren gainerako eremuetan, berriz, batezbestekoa laukoitza da. Egoera horri aurre egiteko eta Erdi Aroko Hirigunearen Berroneratze Integralerako Estrategiaren barruan, eremu berdeak eta biodibertsitatea areagotzeko proiektu bat adostu dute Udalak eta auzoko bizilagunek, gizarte-eragileek eta eragile ekonomikoek IGIk gidatu du egitasmoa. Orain dela gutxi, “Gasteizko Erdi Aroko Hirigunean azpiegitura berdea ezartzeko aukerak eta esku-hartzerako proposamenak” azterlana partekatu zuen IGIk Erdi Aroko Hiriguneko Mahaiarekin eta talde politikoekin. Gaur, proposamen horiek ezagutzera eman dituzte Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi IGIko presidenteak.
“Hiriko eremu honi eremu berde gehiago, natura gehiago, eman nahi dizkio Erdi Aroko Hirigunea Berdetzeko proiektuak. Naturan oinarritutako irtenbideen bidez aldaketa klimatikoari egokitzeko estrategia zabal baten parte dira esku-hartzeak”, nabarmendu du alkateak. Halaber, gogoratu duenez, Hiri Adimendunen eta Klimaren aldetik Neutroen Misiorako (Gasteiz aitzindarietako bat da) hautagaitzan txertatutako proiektuetako bat da honako egitasmoa.
Elementu naturalen eta artifizialen sare baten bidez, eremu osasuntsuak, erosoak eta ederrak sortuko dituzte, elkartruke soziala, kulturala eta ekonomikoa bultzatzeko. Gainera, bizitzarako ezinbestekoak diren prozesu naturalei mesede egingo die proiektuak: mantenugaien zikloak eta ziklo biologikoak, dinamika hidrologikoak, lurzoruaren birsortzea eta atmosferaren birsortzea. “Hiriko azpiegitura berdearen sistemaren barneko elementu bat izango da Erdi Aroko Hirigunea; esku-hartze txikiagoak egingo dira, baina balio handia izango dute erregulatzaile termiko gisa. Gainera, aldaketa klimatikoak arlo guztietan eragingo digula ohartzeko balio du; hortaz, arlo guztietan egokitu egin behar dugu eta irtenbideak bilatu behar ditugu, irtenbide horiek hiriko beste puntu batzuetan bezain estentsiboak ez izan arren”, azaldu du Gorka Urtaranek.
Fatxada berdeak, urpera daitezkeen lorategiak eta lorategi bihurtutako teilatua
Azterlanak 55 espazio identifikatzen ditu, 8 jarduketa arlotan banatuta: kantoiak, plazak, kaleak, fatxadak (jarduerarekin edo gabe), txokoak eta lorategiak, eraikin publikoak eta lorategiak, iturriak eta beste hiri-altzari batzuk.
Jasotako jarduketen artean, Erdi Aroko hirigunean honakoak jartzea proposatzen da: jardinerak, parterreak, zuhaitz gehiago, loredun txorkoak, zoladura iragazkorrak, urpera daitezkeen jardinerak, pergolak, landare sare eta parra bertikalak, lorontzi funtzioa duten eserleku eta oztopo-zutoinak, lorontziak fatxadetan eta zoruan… Santa Maria plazako iturria naturalizatzea ere proposatzen da, uretako landareekin.
Ur-biltegi zaharraren teilatua lorategi bihurtzea ere proposatzen du proiektuak; 70eko urteetan baratze batzuk jarri zituzten bertan, hirigunearen erdi-erdian. Lorategi bilakatutako teilatu horren gainean ibil daitekeen ala ez atertzen ari da orain Udala. Ziur egoteko, egituraren azterketa bat egingo dute.
Faunaren dibertsitatea areagotzeko eta eremuko espezie autoktonoen garapenari mesede egiteko (izurrite posibleei aurre egiteko), saguzarren eta txorien habia-kutxak jarriko dituzte dozena bat lekutan.
Gainera, kartelak eta errotuluak jarriko dituzte landare-espezie interesgarrietan, eta proiektuaren berri emango dute.
Auzoarekin partekatutako proiektu honen helburuak nabarmendu ditu IGIko presidenteak: “Eskala oso txikiko diagnostiko zehatz batetik abiatuta, berdea txertatzeko espazioak eta elementuak bilatuz. Naturaliza daitezkeen plazak, berde gehiago txertatu ahal diegun eraikin publikoak, espazio erakargarriak, zaintzeko espazioak, baratze txikiak… Aukera asko daude”.
Ana Oregik gogoratu duenez, “hiri-paisaiaren kalitatea hobetu nahi dugu, Erdi Aroko Hiriguneko ikuspegia hobetuko duten eta paisaia-gatazkak arinduko dituzten landaredia eta lorategi-eremuak txertatzearen bidez. Airearen kalitatea, zarata eta erosotasun termikoa hobetzea proposatzen dugu, landarez eta zuhaitzez osatutako gainazala handituz; era berean, euri-uraren kudeaketa hobetu nahi dugu, lorategi-gainazala areagotuta. Eremu berdeen erabilera publiko eta komunitarioari mesede egin nahi diogu; naturarekiko lotura kultural, identitario eta afektiboa sustatu nahi dugu; eta ondare-ingurunea eta ingurune historikoa zaindu nahi dugu, hiriko kogestioaren bidez. Horrez gain, Erdi Aroko Hirigune berdeagoa nahi dugu, hiriko biodibertsitatea indartzeko. Horretarako, landare-espezie autoktonoak txertatuko ditugu, landaketarako lurzoruak egokitu eta hobetuko ditugu, faunarentzako habitata prestatuko dugu (habia-kutxak, harri-hondarra, ur-laminak…) eta Hiriguneko eremu berdeak konektatuko ditugu elkarren artean eta hiri-periferiako eremuekin”.
NEXT funtsen bidez, 350.000 euro jasoko ditu proiektuak Europaren eskutik. Diru kopuru horrekin, eraikuntza-diseinuko proiektu baten idazketa kontratatu nahi da aurten. Datorren urterako, berriz, esku-hartze batzuen gauzatzea kontratatu nahi da, diagnostikoak barne hartzen dituen eremu batzuetan: jardinerak lurrean, zuhaitzak lurrean, landare igokariak lurrean eta jardineretan, lorontziak, hiri-altzariak (jardinerak diren eserlekuak, edo jardinerei itsatsitako eserlekuak). Oraindik ez dira espazioak erabaki. Udaleko zerbitzu teknikoak aztertzen ari dira.