eues

Albistea

Dagoeneko hasi dira Olarizuko Lorategi Botanikoko landaredia hobetuko duten eta Gasteizko gune narriatuak egokituko dituzten Enplegu Plan berriak

Landare tunela Olarizun

Joan den abenduan 2021-2022 tarteko Gazte-Enplegurako Programa Operatibo berriak (POEJ) jarri ziren martxan. Aurreko urteetako enplegua sustatzeko programetan bezala, aurten ere hamabost pertsona ari dira parte hartzen, hiru lan-taldetan banatuta. Horietako bi Olarizuko Lorategi Botanikoan lorezaintza-lanetan ari dira, eta hirugarrena Gasteizko bide berdeen eta degradatutako inguruetako paisaien egokitzapenaz arduratzen da.

Landa-lanarekin hasi aurretik, parte-hartzaileek lan-eremuarekin lotutako honako prestakuntza teoriko-praktikoak jaso dituzte: lorezaintzaren hastapenari buruzko ikastaroa, inausketa-ikastaroa, sasiak garbitzeko makinen maneiatzea eta landare-zuntzez egindako tunelak eraikitzeari buruzko ikastaroa.

Mantentze lanekin hasi berri dira. Honako hauek izan dira orain arte egin dituzten jardueretako batzuk: Rubus spp. eta Rosa spp. indibiduoen murrizketa, hildako zuhaitzen eliminazioa, Phyllirea latifolia eta Cornus sanguinea espezieak erraietatik erauztea, harriak kentzea ereiteko dauden lursailetan eta iaz egindako landaketa ezberdinetan zuhaitzerako hodi babesleak eta mulch-a jartzea.

Bestalde, amaitutzat eman da 2020-21 sasoiko gazte enplegurako programa. Talde honekin helburu nagusietako bat lortu da: lorezaintza lanei buruzko ezagutzak eta trebetasuna eskuratzea. Jarraian, lanaren azken 6 hilabeteetan lorturiko helburuak laburbiltzen dira. Landan egindako lanak ere aurkezten dira, baita taldearen bilakaera ere etorkizunean gizarteratzeari eta laneratzeari dagokienez.

Olarizuko Lorategi Botanikoa

Rhamnus cathartica espeziearren landatzea

Alde batetik, landareak erauzteko lanak egin ziren: baso eta sastraka mediterraneoen gunean hainbat landare espezieren erauzketan aritu ziren lanean (Acer pseudoplatanus, Acer campestre, Salix atrocinerea, Fraxinus excelsior, Cornus sanguinea, Corylus avellana eta Rosa spp. espezieekin, hain zuzen ere); eta baso borealen eremuko espezieekin. Gainera, goi-mendiko baso eta sastraken guneetan mikorrizak aplikatu zitzaien 1.250 zuhaitzi.

Bestetik, 4. eta 5. guneetan Juniperus sabina, Juniperus comunis subsp. nana eta Pinus mugo landaketa berriak jorratu, erretama lehor edo hilak kendu, eta adar lehorrak inausi ziren. Apirilean, 4. eta 5. guneetan egindako landaketetan juteak jarri eta landaketak ureztatu ziren. Azkenik, 2021eko azaroan, Olarizuko Lorategi Botanikoko gune guztietan (1, 2, 3, 4, 5) egin ziren landaketetan mulch-a jarri zen.

Bestalde, udal mintegian egindako lan nagusiak honako hauek izan ziren: batetik, landare espezie batzuk berraldatu ziren (Prunus padus, Lonicera caerulea, Galium boreale, Tamarix gallica, Dianthus Juniperus, Betula pendula, Rosa agrestis, Rhamnus cathartica, Acer monspessulanum, besteak beste); bestetik, inausketa, belar-sastrakak kentzea, Hortus Conclusus inguruan lurra motoaitzurrarekin prestatzea, Salvia spp. eta Digitalis spp. bildumetako jorratze lanak eta hondakin organikoak bildu ziren. Azkenik, Olarizuko Etxaldeko lorategian mantentze lanak egin ziren, baita etxe inguruko inausketa, sega eta garbiketa perimetrala ere.

Udaleko bide berdeen ingurua

Mendebaldea parkearen eremuan (Jundizetik mendebaldera dagoen korridore berdean), hainbat jarduera egin ziren bertan eraikitako bideen ondoan, baita fitoerremediaziorako lursail esperimentaletan ere (landareen bitartez kutsadura kentzeko metodoa). Lurzoru eremu horietan mantentze lanak egin ziren (sastrakak eta sasiak kentzea eta landaketen ureztatzea), hesi mugatzaileak jarri ziren, landareak babestu ziren eta putzu artifizialen ondoan espezieak landatu ziren. Beste zereginetako batzuk hauek izan ziren: Jundiz inguruko belar-sastrakak kentzea eta Artxako aztarnategian dagoen parkeko harriak kentzea. Azkenik, Olarizuko Lorategi Botanikoko eta Bide Berdeetako lan-taldeek putzu artifizial bat eraiki zuten Jundizeko ingurunean, biodibertsitatea sustatzeko helburuarekin. Aldi baterako ur-ekosistema txiki bat da (euri-erregimenaren arabera betetzen eta husten baita), anfibio eta narrasti espezieen kontserbaziorako funtsezkoak direnak, horien artean interes handiko espezieak aurkitzen dira, hala nola, apo pikarta. Ur-putzuak 6 x 8 m-ko azalera dauka.

Lursail bateko sastraken garbiketa

Gizarteratzea eta laneratzea

Bestalde, enplegua sustatzeko plan honetan gizarte langile batek ere parte hartu zuen. Honek enplegu-planeko langileen banakako jarraipena egin zuen. Esparru pertsonalean zein lan-arloan laguntza eman zien, eta enplegu plana amaitu aurreko hilabeteetan, lan-orientazioa ere eman zien, gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko asmoarekin. Horretarako, Lanbideko informazio pertsonala eguneratu zen, curriculum pertsonalak berritu ziren eta udaleko, Indesako eta postetxeko lan-poltsetan izena emateko eskaerak izapidetu ziren. Gainera, langileburuei laguntza eman zitzaien lan-ingurunean bertan sorturiko egoera zailak kudeatzeko. Halaber, langileek lan-eremuarekin lotutako prestakuntza jaso zuten urte osoan zehar: lorezaintza eta agro-ekologia prestakuntza, landan lan egiteko makinen erabilpenerako prestakuntza (sasiak kentzeko makina, heskaiak moztea eta motozerra) eta inausketako oinarrizko ikastaro bat.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala