CEAk eta Rural Kutxak indarrak batu dituzte Jundizeko korridore berdea osatzeko
CEAren presidenteak, Ana Oregik, eta Rural Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendariak, Javier Martínez Lasak, klima-aldaketaren aurka borroka egiteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, Rural Kutxak laguntza emango du CEAk Mendebaldean garatzen dituen esku-hartzeak ugaritzeko. Zehatzago esanda, aurten 45.000 euroko ekarpena egingo du Jundizeko Zerbitzugunearen inguruan landaketak egiteko eta, horien bidez, azalera 3,5 hektareatan handitzeko.
Landaketa horiei esker, Mendebaldea proiektuko IV. fasean aurrez ikusita zegoen jarduketa 3,5 hektareatan handituko dute eta parkearen azalera hego-ekialderantz handituko dute, Ariñiz herriaren eta Jundizeko Zerbitzugunearen inguruan. Hantxe daude, besteak beste, ostalaritzako eta ostatuetako zerbitzuak, kiroldegiak, golf-zelaiak.
Industrialdea handitu izanak inguruko landatar guneak (Margarita, Lermanda eta Ariñiz) nolabait isolatuta geratzea eragin zuen eta jarduketa berri honen helburua da gune horien eta zerbitzugunearen arteko konexioak berriro ezartzea eta, hala, Jundizeko parkearen eragin eremua handitzea eta sendotzea.
6000 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiago
Baso-landaketa horrek 3 hektarea baino gehiagoko berdegunea sortuko du (gaur egun belardi bihurtuta dago) eta artadiak, erkameztiak eta sastrakak sortuko dira bertan. Gainera, zuhaixka-formako heskaiak eta heskai aromatikoak ere jarriko dituzte. Guztira, baso-masak osatzeko, zuhaitzen eta zuhaixken 5.312 unitate landatuko dituzte eta, zuhaixka formako heskaietarako, aldiz, 720 unitate jarriko dituzte. Horiez guztiez gain, eremua zeharkatuko duen bide berri baten alboan 24 zumar landatuko dituzte. Guztira, beraz, zuhaitzen eta zuhaixken 6.056 unitate landatuko dituzte.