Bizikletentzako eta oinezkoentzako lotura berria egiteko lanak hasi dira Jundizen

Urtarrilaren 26an hasi zituzten Jundiz industrialdea hiriaren iparraldeko auzoekin (Lakua, Santsomendi, Zabalgana) lotuko duen bizikleta eta oinezkoentzako bide berria eraikitzeko lanak. Vitoria-Gasteizko Udalak bultzatutako esku-hartze estrategikoa da, Euskadiko industrialde handienean lan egiten duten milaka pertsonen eguneroko joan-etorriak erraztea helburu duena.
Proiektuak oinezko eta txirrindularientzako hiru metroko zabalera izango duen partekatutako bidea eraikitzea aurreikusten du. Bide horrek Bide Berdeen sarea eta Jundiz parkea Zurrupitieta kaleko bi noranzkoko bidegorriarekin lotuko ditu. Ibilbidea, Zuazobidea kaleko bidearen paraleloan joango da, berdeguneak zeharkatuz eta Zuhatzu herriarekin lotuta egongo da auzo-bideen bidez.
Jarduketa horren barruan sartzen da, gainera, Zuazobidean, Goikoberan eta Zurrupitietan oinezkoentzako pasabide berriak sortzea, bai eta bidegurutzeetan segurtasuna bermatzeko eta industrialderako irisgarritasuna hobetzeko argiteria eta seinaleztapen espezifikoa instalatzea ere.
Txirrindularientzako eta oinezkoentzako Jundizko konexio berria funtsezko pieza izango da lanerako joan-etorrietan ohiturak aldatzea sustatzeko, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna gutxituz eta Gasteizen helburu klimatikoak lortzen lagunduz.
Jarduera hau Industrialdeen Mugikortasun Planaren barruan dago. Bost urterako programa da, eta udal-gobernuko taldeak bultzatzen du. 16 milioi eurotik gorako inbertsio globala aurreikusten du. Obra horri beste batzuk gehituko zaizkio, hala nola garraio publikoa indartzea, bidegorriak zabaltzea, logistika eta aparkaleku industriala hobetzea, digitalizatzea eta enpresetan mugikortasun-planak bultzatzea.