Bizikletaren aldeko Hirien Sareak Gasteizen lana aitortu du familientzako kargako bizikleten proiektuagatik

Bizikletaren aldeko Hirien Sareak berrikuntzaren kategorian saritu du Vitoria-Gasteiz, hiriko familien artean kargako bizikleta elektrikoen erabilera sustatzeko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak sortu duen proiektu pilotuagatik.
Gasteiz 2022an sartu zen Bizikletaren aldeko Hirien Sarean. Sareak bizikleta bidezko mugikortasunarekin konprometitutako toki erakundeak biltzen ditu, eta bizikleta bidezko zirkulazioa errazteko, seguruagoa egiteko eta garatzeko politikak bultzatzen ditu. Aitortza hori, hain zuzen ere, Gasteizko hiriburuak garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa bizikletaren alde egindako apustuaren adibiderik argienetako bat da.
Saritutako proiektua haurrak zein objektuak garraiatzeko egokitutako kargako bizikleta elektrikoak doan mailegatzeko zerbitzua da. Gasteizko familiei zuzenduta dago, bereziki adingabeak ardurapean dituztenei eta mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa dutenei. Hautatutako familiek mugikortasun seguruari buruzko prestakuntza espezifikoa jasotzen dute, bizikleta erregulartasunez erabiltzen dute hilabete eta erdiko probaldian eta, ondoren, esperientzia ebaluatzeko inkesta betetzen dute.
Herritarren erantzuna oso positiboa izan da: 235 familiak agertu dute parte hartzeko interesa, eta deialdiak izandako arrakasta ikusita, aurrez ikusitako txanda kopurua 16tik 24ra handitu da. Programari esker, familia askok praktika bidez egiaztatu ahal izan du kargako bizikletak ibilgailu motordunaren alternatiba erreala direla eguneroko joan-etorrietan, eta horrek bizitzeko atseginagoa, osasungarriagoa eta pertsona guztiak aintzat hartuta pentsatuta dagoen hiria sortzen laguntzen duela.