Gasteizko 16 familiak kargako bizikleta elektriko bat erabili ahal izango dute beren joan-etorrietarako

Vitoria-Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) ibilgailu motordunaren alternatiba gisa familiek Arabako hiriburura egiten dituzten joan-etorrietan kargako bizikletak erabiltzea sustatzeko kanpaina jarri du abian. Horri esker, Gasteizen bizi diren familiek haurrak eta objektuak garraiatzeko egokitutako kargako bizikleta elektrikoak doan probatzeko aukera izango dute.
Proba pilotu hau irailean jarriko da abian, 4 bizikletarekin. Bizikleta horiek hasieran hilabete eta erdiz erabili ahal izango dira, eta luzatzeko aukera egongo da, baldin eta bizikleta libre badago.
Mailegu zerbitzu hau Gasteizko edozein familiari zuzenduta dago, eta, bereziki, mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa duten adingabeak ardurapean dituztenei.
Eskaera guztiak jaso ondoren, teknikariek eskaera horiek ebaluatuko dituzte, eta parte hartuko duten familiak hautatzeko azken erabakia hartuko dute. Behin hautatutakoan, familiek ordubeteko prestakuntza jasoko dute, mugikortasun seguruan aditua den pertsona batek emanda.
Ekimen honetan parte hartzen dutenek konpromisoa hartzen dute probak irauten duen bitartean bizikleta erregulartasunez erabiltzeko eta esperientzia amaitzean ebaluazio inkesta labur bati erantzuteko.
Onurak
Hiri ingurunean kargako bizikleta elektrikoak (cargo bike deitzen zaienak) sartzeak onura ugari ditu: bizikletaz egiten den mugikortasunaren irudia hobetzen du, haren erabilera areagotzen du, espazio publikoaren erabilera optimizatzen du, eta airearen kalitatea, segurtasuna eta, oro har, hiriko bizi kalitatea hobetzen ditu
Gaur egun, familiek egiten dituzten joan-etorri gehienak (haurrak eskolara eramatea, erosketak egitea, parkera joatea edo mandatuak egitea) ibilgailu pribatuan egiten dira, nahiz eta ibilbide horietako asko kargako bizikleta elektrikoetan egin daitezkeen. Bizikleta horiek aukera ematen dute txikiak, adinekoak edo objektuak modu seguru eta erosoan garraiatzeko, familientzako alternatiba erreal eta jasangarria eskainiz.
Ekimen honen aurretik, CEAk jadanik hartua zuen parte kargako bizikletak sustatzeko proiektu batean, hain zuzen Horizon 2020 programaren CityChangerCargoBike Europako proiektuan, merkataritza jardueretan ibilgailu motordunaren ordezko gisa kargako bizikletak erabiltzea sustatzeko.
Programa honetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago. Informazio gehiago eta izen ematea