Bide berdeak etorkizuneko aktibo gisa - Ingurumena, kultura, gizartea eta turismoa' jardunaldiko hitzaldiak
Jardunaldia Ingurumen eta Espazio Publikoko zinegotzi Iñaki Prusillak ireki zuen. Azken urteetan Arabako Foru Aldundiak lurraldeko ibilbide berdeen sarea planifikatu, osatu eta mantentzeko egin duen lana nabarmendu zuen, eta sarearen erdigunea den Gasteizko udalerrian Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin elkarlanean izan duen garapena aipatu zuen. Jardunaldiaren egoitza izan zen Olarizuko etxaldearen garrantzia ere azpimarratu zuen, berau gune estrategikoa baita bertatik igarotzen diren bideak -Arabako Lautadaren bira (GR25), Eraztun Berdearen bira, Betoñu Haitzaren abelbidea, Vasco Navarro trenbidearen bide berdea- erabilita lurraldea ezagutzeko.
Dewitt hiriko plangintza zuzendari Sam Gordonek, berriz, hitzaldi teknikoetako lehena eman zuen. ‘New York Empire State Trail’ proiektu handinahia aurkeztu zuen. Proiektu horrek New York estatua zeharkatzen duten hiru bide berde lotu nahi ditu 2020. urterako: Champlain bailarakoa (Kanadarantz), Hudson ibaikoa (New York-Albany) eta Eire kanalekoa (Albany-Buffalo). Horrela, Iparramerikako bide berderik luzeena bilakatuko da, 1.000 kilometro luze izango baita. Ondoren, Samek Dewitt eta Syracuse hirietako kasua azaldu zuen. Nazioarteko lehiaketa baten bidez (www.elevatingeire.com), Eire Canal Greenway hiriko lau puntu estrategikotan eraikitzeko proposamenik onenak hautatu zituzten eta, prozesu parte-hartzaile bati jarraituta, herritarrei galdegin zieten garatuko ziren ekintzek zein lehentasunarekin garatuko ziren.
Ondoren, EHUko Arkitektura Saileko Arritokieta Eizaguirre irakasleak hitz egin zuen. Euskadin jadanik erabiltzen ez diren trenbideak nola berrerabil daitezkeen ikertzen dituzten zenbait ikerlan aurkeztu zituen. Iragan industrialak gure lurraldean duen garrantzia nabarmendu zuen Arritokietak. Horren isla dira gurean dagoen trenbide dentsitatea, bai eta, horri lotuta, erabileraz kanpo geratu diren hamaika eraikuntza elementuak ere. Horrez guztiak aukera paregabea eskaintzen du sustapen ekoturistikorako, bide berde gisa, eta hiriguneen artean mugikortasun aktiboa eta garapen ekonomikoa sustatzeko.
Atsedenaldiaren ondoren, Aldundiko ingurumen zuzendaria den Amaia Barredok Ibilbide Berdeen Sarea eta Arabako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Zatikako Lurralde Plana aurkeztu zituen. Plan horrek gaur egun dagoen sarea hobetzeko eta osatzeko asmoa dauka. Amaiak Arabaren natur potentzial ederra nabarmendu zuen (lurraldearen laurdena babestuta dago eta ia hiru laurden basogintzan erabiltzen da), tokiko herri txikiek nekazaritza lurrak (bideak, ura, basoak) zaintzean duten garrantzia azpimarratu zuen eta lehen sektorea eta naturako aisialdia bateragarri bihurtzeko premia aipatu zuen. Arabako bide berde nagusietan (Vasco Navarro bidean, Uribarri Ganboako urtegiaren biran, Nerbioiren parkean) dagoen erabiltzaile kopuru handia azaldu zuen: guztira urtero 150.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute, oinezkoak eta txirrindulariak zenbatuta.
Horren ondoren, Turismoaren Euskal Agentziako Iker Urcelayk Vasco Navarro Bide Berdea Dinamizatu eta Sustatzeko Plana azaldu zuen. Erakundearteko lan mahaiaren garrantzia azpimarratu zuen: mahai horri esker, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik igarotzen den bide berde horren sustapenean inplikatutako eragileak bildu dira helburu komun bat erdiesteko. Turismoak gure eskualdean duen garrantzia nabarmendu zuen (3.500.000 €-ko diru sarrerak, BPGaren % 6 inguru) eta publiko multzo zehatzei zuzendutako produktuak sortzeko beharra aipatu zuen. Zentzu horretan, esan zuen laster Arabako Lautadaren Bizikleta Bide Handia izenekoa aurkeztuko dela esan zuen. Bide berri hori lehendik dauden bide berdeen sarean oinarrituko da eta Olarizuko etxaldea eta Ataria bezalako ekipamenduak erabiliko ditu, adibidez bizikletak maileguan uzteko. Jardunaldia bukatzeko, bizikletak maileguan hartzeko ekimen horietako bat (Capital Bikes) bisitatu zen.
Jardunaldiaren aurkezpenak honako helbidean daude eskuragarri: