Basoen Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizen erakunde ekitaldi bat eta hitzaldi teknikoak egingo dira
Martxoaren 21ean, Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko da Gasteizen, Juntos por los Bosques taldeak sustaturik; talde horretan, Estatuko basoen sektorea ordezten duten 30 entitate baino gehiago biltzen dira. Arabako hiriburuan egingo da jardunaldia, Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren karietara, eta erakunde ekitaldi bat zein adituentzako jardunaldi teknikoak barne hartuko ditu. 1971tik egiten da nazioarteko egun hori, eta aurten Baso eta hiri iraunkorrak: bizi gaitezen hiri berdeago eta osasungarriagoetan lema du. Hirietako berdeguneen zeregina nabarmentzea du helburutzat, hiriaren birikak eta klima baldintzen erregulatzaile zein klima aldaketaren aurreko egokitzaile izateaz gain, bizimodu osasungarriagoa izaten laguntzen baitute, osasun fisikoa eta mental hobea sustatzen, eta sozializaziorako lekua eskaintzen.
Aurten, Basoen Nazioarteko Eguna Gasteizen ospatuko da, Eraztun Berdea sortu zeneko 25. urteurrena dela eta; garai hartan aintzindaria izan zen ekimena eredua bihurtu da beste hiri batzuentzat, eta Arabako hiriburua 2012ko European Green Capital izendatzea ekarri zuen.
Horren karietara, Juntos por los Bosques kolektiboak eta Gasteizko Udalak jardunaldi bat antolatu dute —hitzaldiak eta beste jarduera batzuk barne hartzen ditu—, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Baskegur elkartearen laguntzarekin.
Basoen Nazioarteko Eguneko ekitaldi ofiziala Olarizuko etxaldean egingo da, martxoaren 21ean (asteazkena), 11:00etatik 12:30era, erakunde antolatzaileen ordezkariak bertan direlarik. Ekitaldian, grafiosiari erresistente diren zenbait zumar landatuko dira. Aurretik, Olarizuko lorategi botanikoa bisitatuko dute.
Ondoren, honako hauek hitzaldiak emango dituzte: Martí Boada i Juncà, Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa; Luis Andrés Orive, Gasteizko CEAkoa; Oskar Akarate Zabalo, Baskegur elkartekoa; Xabier Agote, Albaola museokoa, eta Antonio Martín Chicote, "Cabaña Real de Carreteros" elkartekoa. Amaitzeko, bisita egingo dute Salburuko interpretazio zentrora eta Salburuko parkera.
> Egitaraua