Amaitu dira Mendebaldeko parkearen III. fasearen ereiteko eta landatzeko jarduerak (Ariniz ingurua)
Ariniz ingurua zaharberritzeko lanak, Mendebaldea proiektuaren III. Faseari dagozkionak, 2020an hasi ziren eta 2021eko abenduan amaitu dira. Proiektuaren azken fase honetan lurraren prestaketa eta landaketa lanak egin dira.
Landaredia 2021eko iraila eta abendua bitartean ezarri zen eta guztira 12.506 landare landatu ziren. Hainbat landaredi-formazio ezarri ziren lurraren baldintzetara egokituta: artadiak (3.336 landare) komunikazio-bideetatik hurbil dauden parkearen ertzetan, erkametzak (2.652) parkearen barruko mendixketan, sastrakak (1.800 landare) mendi-hegaleko eremuetan eta ibaiertzeko basoak (378 landare) putzu eta ibarbide ondoan.
Inguruneko putzu baten ondoan egindako landaketa bat
Bestalde, landaketa linealak egin ziren, eta, horretarako, aurretik plastikozko barrubigunak ezarri ziren. Lau heskai mota landatu ziren hainbat espezierekin: zuhaixka-heskaiak (2.325 landare) belardiaren eta basoaren arteko bereizketa gisa, heskai aromatikoak (1.275) bide ertzetan, erriberako heskaiak (340) eremu hezeetan, eta kutsaturiko lurzoru eremuetan sahatsak eta zumarrak landatuta dituzten fitoerremediaziorako heskaiak (400 landare). Gainera, 700 zuhaixka eta landare usaintsu jarri ziren sarrerako aparkalekuko muinoetan.
Plastikozko barrubigunak fitoerremediaziorako heskaiak ezartzeko (sahatsak eta zumarrak)
Azkenik, 126 zumar eta 36 fruta-arbola jarri ziren bide nagusiaren ondoan. Landare hauek Nekazaritza Ministerioak (“Olmos Vivos” programaren bitartez) eta Euskadiko Hazien Sareak (barietate autoktonoak kontserbatzeko programaren bitartez) lagatuak izan ziren, hurrenez hurren.
Bide nagusiaren ondoan jarritako heskaiak eta zuhaitzak
Ereiteei dagokienez, bi eremu bereizten dira: alde batetik, lur naturaleko eremuetan lehendik zeuden belardiak errespetatu ziren, alpalpa eta lolum laborantza mistoa ezarriz lurzoru degradatuetan (lehentasunezko laborantza); eta, bestetik, lurzoru kutsatuetan fitorremediazio-nahasketa jarri zen.
Jarduera honekin Ariniz inguruko Ingurumena Berreskuratzeko lanak amaitutzat ematen dira, eremuak 10 ha inguruko hedadura duelarik, hain zuzen ere. Datozen bi urteetan mantentze-lanak egingo dira, landaredia behar bezala sustraitzen den bermatzeko.