Amaitu da Mendebaldea proiektuaren (Jundizko parkearen) IV. fasea
2022ko udan hasi ondoren, amaitutzat eman da Gasteizko Jundizko parkea garatzeko Mendebaldea proiektuaren IV. fasea. Jundizko poligonoaren eta A-1 autobiaren artean korridore berde zabal bat sortzea izan du helburu proiektuak. Elkarren segidako faseetan gauzatu da, ikuspegi komun bati jarraiki: ingurune narriatuak leheneratzea, konektibitate ekologikoa hobetzea eta klima-aldaketaren ondorioak arintzea.
IV. fase honetan, I. fasea (Lermanda ingurua) eta III. fasea (Ariñiz ingurua) hurbileko biztanleguneekin eta jardueraguneekin lotu dira, 10 hektarea inguru hartuta. Margarita kontzejuarekin lotu da parkea iparraldean, eta Ariñiz kontzejuarekin eta Jundizko Zerbitzu Zentroarekin hegoaldean. Rural Kutxarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ondorioz, esku-hartzea 3,5 hektareatan handitu ahal izan da Jundizko Zerbitzu Zentroaren mendebaldean.
2022an lurrak garbitzeko eta mugitzeko eta bideak egiteko lanak gauzatu ondoren, 2023ko lehen lauhilekoan ereintzak eta landaketak amaitu dira, eta guztira 25.087 landare jarri dira. Horietatik, 20.604 landare lursail publikoak landatzeko erabili dira, ingurunea paisaiaren aldetik hobetzeaz gain, karbonoa finkatzeko gaitasun handia duten karbono-hustubideak sortzeko.
Helburu hori lortzeko, lau baso-tipologia ezarri dira, betiere Arabako lurraldean formazio eta espezie autoktonoak lehenetsiz, eta kokaleku desberdinetan kokatu dira, haien eskakizunen eta ezaugarrien arabera: artadiak errepideekin kontaktuan dauden eremuetan edo ezponden kanpoko ertzean; erkameztiak parkearen barruan, goragune txikietan edo ezponden barrualdeetan; sastrakak aurreko formazioen eta belardien arteko trantsizio-eremuetan; eta ibaiertzeko basoak erreken eta ibarbideen ertzetan. Gainera, jarduketa-eremu osoan zuhaixka-heskaiak, landare usaindunak eta ibaiertzeko heskaiak ezarri dira.
Guztira, Margarita inguruan 27.603 metro koadroko azalera erabili da dentsitate handiko baso-espezieak landatzeko. Herritik gertu eta A1 autobiaren ondoan, 26.272 metro karratutan, landaketa mota bera egin da. Gainera, zuhaitz hostoerorkorren 37 ale landatu dira landa-gunearen ondoko berdegune batean.
Baso-landaketa A-1 errepidearen inguruan
Jundizko Zerbitzu Zentroaren ingurura ere hedatu dira lanak. 7.291 metro koadro erabili dira basoak sortzeko. Azalera horri 3,5 hektareako landaketa gehitu behar zaio, CEA-Rural Kutxaren lankidetzaren ondorioz Ariñizeko bizilagunek eta Jundizko Zerbitzu Zentroko erabiltzaileek egindako landaketa herrikoiko ekitaldi sozial bati esker.
Nabarmendu behar da sortutako bide berrian grafiosiarekiko erresistenteak diren 43 zumar ale (Ulmus minor) erabili direla lerrokatze-zuhaitz gisa. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak utzitako landareak dira.
Azkenik, lubeta txiki bat eta, bertan, konpostaje-gune bat, eraiki dira Larrangoiti kalearen ondoan, bai eta bi urmael txiki ere, ura aldi baterako metatzeko eta, horrela, Euskal Herrian mehatxatuta dagoen anfibio bat, apo lasterkaria, berreskuratzeko. Ariñiz herriko biztanleek erabili eta baliatu ahal izango dituzte bi elementu berri horiek.
Konpostaje-eremu berria
Biodibertsitaterako putzu txikia
Esku-hartze horiekin, Mendebaldea proiektuaren IV. faseko obrak amaitu dira eta etorkizuneko Jundizko parkea osatzen jarraitu da. Parke berri horrek udalerriaren mendebalderantz zabaltzen du Gasteizko Eraztun Berdea. Aldi berean, beharrezko lan batzuk egin dira proiektua osatzeko (konposta ekartzea, hesiak jartzea, altxatzeak), mantentze-lanetarako (ureztatzeak, belar-sastrakak kentzea), jarraipenerako (hegazti-faunaren errolda) edo dibulgaziorako (bisitak). Datozen bi urteetan mantentze-lanak egingo dira landaredia behar bezala sustraitzen dela bermatzeko.
IV. faseko obrak Eusko Jaurlaritzak toki-erakundeetan garapen jasangarria bultzatzeko ematen dituen dirulaguntzekin (Klima Aldaketa ildoa), Life IP Urban Klima 2050 proiektuarekin (LIFE 18 IPC 0000001) eta Rural Kutxaren Ingurumena eta Tokiko Garapena ardatzaren gizarte-ekintzarekin finantzatu dira.
Laster deskribapen-memoria osoa eta egindako esku-hartzeen inpaktuen murrizketaren kalkuluak argitaratuko dira.
Jarduera horiei guztiei esker, berotegi-efektuko gasen isuriak urtean 224,69 tona CO2 murriztea aurreikusi da. Kalulua 40 urterako eginda, guztira 8.022,41 tona CO2 murriztuko dira.