Amaitu da 2019ko Paisaiaren Nazioarteko Lantegia
Maiatzaren 28an Paisaiaren Nazioarteko Lantegia amaitu zen. Bi astez egin zen Olarizuko etxaldean eta State University of New York unibertsitateko 8 ikaslek hartu zuten parte. Haiekin batera unibertsitateko bi irakasle etorri ziren, Emanuel J. Carter eta Stewart S. Diemont, eta CEAko, Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko Saileko, Espazio Publikoko eta Natur Ingurumeneko Arloko eta Nekazaritza Guneko Arloko teknikariek ere hartu zuten parte.
Ikasle taldeeak Aramangeluko meandroan parke agroekologiko bat sortzeko proposamen bat landu behar zuten. Horrela, Basaldea proiektua, Urarteko baratzeak eta Áncora eraikinaren birgaitzea uztartuko ziren proiektu handi batean, Abetxuku, Lopida, Ihurre eta Gobeu herrien inguruko lursailak batuta.
Bi proposamen egin ziren. Lehen taldeak “Nekazaritza Ekosistemen Parke” bat proposatu zuen, Krispiñatik Abetxukuraino luzatuko zena eta parke erraldoi bat eratuko zuena labore lurrak, bideak, azokak, komunitate lorategiak eta bazterreko lursailak integratuta eta, aldi berean, europar bisoia babesteko gune izango zena. Bigarren taldeak Aramangeluko meandroa bera hartu zuen ardatz modura, eta hiri bilbea konektatuko lukeen proiektu bat proposatu zuten: paseoak, baso jangarriak, komunitate zentro bat, berotegiak eta gazta ekoizteko latxa ardien ustiapenak sartu zituzten proposamenean.
Lantegiaren emaitza xeheak irailean argitaratuko den txosten batean bilduko dira. Ordura arte, laburpen bat egin dute gaztelaniaz:
> Resumen del Taller Internacional de Paisaje de Vitoria-Gasteiz 2019 (es)