Alkateak basoen gizarte, ekonomia eta inguruaren balioa azpimarratu zuen Basoen Nazioarteko Egunaren ospakizunean
Martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna ospatu zen Gasteizen, “Juntos por los Bosques” taldeak sustaturik; talde horretan, Estatuko basoen sektorea ordezten duten 30 entitate baino gehiago biltzen dira. Arabako hiriburuan egin zen jardunaldia, Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren karietara, eta erakunde ekitaldi bat zein adituentzako jardunaldi teknikoak barne hartu zituen. 1971tik ospatzen da aipatutako nazioarteko eguna, eta aurten “Baso eta hiri iraunkorrak: bizi gaitezen hiri berdeago eta osasungarriagoetan” lema du. Hirietako berdeguneen zeregina nabarmentzea du helburutzat, hiriaren birikak eta klima baldintzen erregulatzaile zein klima aldaketaren aurreko egokitzaile izateaz gain, bizimodu osasungarriagoa izaten laguntzen baitute, osasun fisiko eta mental hobea sustatzen, eta sozializaziorako lekua eskaintzen. Nazio Batuen Erakundearen ekimenez egiten da Basoen Nazioarteko Eguna, eta estatuan “Juntos por los Bosques” plataformak bideratzen du.
Aurten, Basoen Nazioarteko Eguna Gasteizen ospatu da, Eraztun Berdea sortu zeneko 25. urteurrena dela eta; garai hartan aitzindaria izan zen ekimena eredua bihurtu da beste hiri batzuentzat, eta Arabako hiriburua 2012ko European Green Capital izendatzea ekarri zuen. Ekitaldi ofizialean hauek hartu dute parte: alkatea, Gorka Urtaran; “Juntos por los Bosques” plataformaren koordinatzailea, Eduardo Rojas; Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusia, Carlos Cabanas; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Iñaki Arriola, eta Ingurumen eta Hirigintzako foru diputatua, Josean Galera. Agintariek grafiosiari erresistente diren zenbait zumarren landaketan parte hartu dute, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Geografia Saileko eta Ingurumen Zientzia eta Teknologia Institutuko irakasle titular eta ikertzaile Martí Boada i Juncàrekin batera.
Bere mintzaldian, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek “basoen gizarte, ekonomia eta ingurumen balio handia” azpimarratu du. Haren hitzetan, “Ez da Gasteiz baino leku hoberik gaurko ekitaldi hau hartzeko. Euskadiko udalerri handiena da, eta nekazaritza eta baso lurrek hartzen dute haren azaleraren bi heren”. Gorka Urtaranek, orobat, udalerria osatzen duten administrazio batzarren lana nabarmendu du, “mendeetan zehar gure basoak eta nekazaritza eremuak babestu baitituzte”, baita duela 25 urte Udalak Eraztun Berdea sustatzean egindako apustua ere. Bestetik, alkateak azaldu du Gasteizen 120.000 zuhaitz inguru daudela, eta biztanleko 40 metro koadro berdegune. “Horrenbestez, hiria bera basoa dela esan genezake”, adierazi du.
“Basoen Nazioarteko Egunaren helburua basoek gizateriari egiten dizkioten ezin konta ahaleko ekarpenak agerian jartzea da, eta nekez aurki zitekeen leku hoberik gure herrialdean Euskadi baino eta, zehazki, Gasteiz eta Arabako foru lurraldea. Gogoan izan behar dugu Euskadi eta Katalunia direla baso portzentaje handiena duten lurraldeak, % 55 eta % 52 baitute, hurrenez hurren, eta, aldi berean, gure herrialdeko lurralde garatuenak eta industrializatuenak direla. Aurtengo ospakizunerako aukeratu den gaiak —”Baso eta hiri iraunkorrak”— basoek hirietako bizi-kalitateari egiten dizkioten ekarpenak aitortzen ditu. Hain zuzen ere, Gasteizko Eraztun Berdea dugu denboran aurreratutako eredu bat, ezagutu, aztertu eta errepikatzea merezi duena, aurten zilarrezko ezteiak ospatzen ari baikara, Gasteizko azken alkateen eta Luis Andrés Orive mendi ingeniariak gidatutako teknikari taldearen ikuspegiari eta perseberentziari esker”, adierazi du “Juntos por los Bosques” plataformaren koordinatzaile eta Mendi Ingeniarien Elkargo Ofizialaren dekano Eduardo Rojas Brialesek.
“Juntos por los Bosques” kolektiboak eta Gasteizko Udalak jardunaldi bat antolatu dute —hitzaldiak eta beste jarduera batzuk barne hartzen ditu—, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Baskegur elkartearen laguntzarekin. Ondoren, honako hauek hitz egin dute: Martí Boada i Juncà, Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa; Luis Andrés Orive, Gasteizko IGIkoa; Oskar Akarate Zabalo, Baskegur elkartekoa; Xabier Agote, Albaola museokoa, eta Antonio Martín Chicote, “Cabaña Real de Carreteros” elkartekoa. Amaitzeko, bisita egingo dute Salburuko interpretazio zentrora eta Salburuko parkera.