Albistea

Amaitu da Alde Zaharra naturalizatzeko proiektuan herritarren parte-hartzerako programa

Kodiseinu, kogestio eta probako prozesu gisa sortu zen programa hau, eta herritar, saltoki, elkarte, ikastetxe eta udal zerbitzuen parte-hartzea izan du. Bost jarduera ildo izan ditu: loreontziak espazio publikoan eta fatxadetan instalatzea, esku-hartze artistiko begetalak sortzea, faunaren babeslekuak edo gailu pedagogikoak eratzea. Orain, horietatik guztietatik onarpen handiena izan dutenak finkatzea da helburua.

Programaren balantzea

Programa amaitutakoan egindako ebaluazioan, proiektuan zuzenean inplikatutako 38 pertsonaren erantzuna jaso da. Programak % 80a arteko balorazioa izan du, eta batez ere auzoko irudia eta giroa hobetzeko duen garrantzia azpimarratu dute inkestatutakoek. Ebaluazioa funtsezkoa izango da esku-hartze egonkor gisa ekimen horietako zeintzuk finka daitezkeen zehazteko.

Parte-hartzaileek programaren balio sozial eta parte-hartzailea, ekintzen diseinua, proiektuaren hornidura ona eta udalaren laguntza nabarmendu dituzte bereziki. Prozesuaren eraginkortasun operatiboa berretsi da horrela, bai metodologian eta plangintzan, bai kudeaketan, koordinazio teknikoan eta askotariko eragileak mobilizatzeko gaitasunean. Hortaz, programa honek garatzen jarraitzeko eta hiriko beste auzo batzuetara egokitzeko duen ahalmena baieztatu da.

Etorkizunerako proiekzio handiena izan dezakeen ekintza loreontziak banatu eta instalatzea da, eta lehentasunezkotzat jotzen da bideragarritasun tekniko ona, interes sozial handia eta hirigunea naturalizatzeko eragin zuzena duelako. Esku-hartze artistikoa, bestalde, ildo interesgarritzat hartu da, baina hobetzeko tartea duena bere jarraipenerako. Hezkuntzarekin eta bizikidetzarekin lotutako ekintzak, berriz,  beren izaeragatik, hobeto txerta daitezke lehendik jadanik existitzen diren beste udal programa batzuetan.

Jardueren laburpena

Elementu berdeen instalazioari dagokionez, 58 loreontzi jarri ziren auzoko balkoietan, eta beste 82 loreontzi esleitu zitzaizkien inguruko saltokiei. Espazio publikoan ere jarri ziren loreontziak, zehazki 43 ale Arkupeetan eta 20 Goiurin, eta Los Arquillos Bizirik elkarteko kideek zaindu zituzten. Haurtzaro ikastetxeak 10 loreontzi izan zituen eta Ramón Bajo ikastetxeak 17 ale. Guraso elkarteek eta ikastetxeetako langileek zaindu zituzten azken horiek, eta landareak zaintzeko dinamikak sortu zituzten ikasleen artean.

Bestalde, landare interbentzio artistikoen lehiaketa publikoa deitu zen. Proposamen irabazleak, Aldaxka Lab taldeak, Buruileria plazan sortu zuen bere lana. Euskarri arinak gehitu zituen plazan auzotarren artean aldaxkak trukatzea errazteko. Horrela, hiriko paisaia aberastu zuten eta gizarteratzeko egitura bat sortu zuten.

Arkautiko Nekazaritza Eskolak hainbat tailer egin zituen auzotarren artean landaketak egiten eta aldaxkak sortzen erakusteko. Tailer horietan parte hartu zuten 17 pertsonak gune eder bat sortu zuten elkartzeko, ikasteko eta komunitatea aktibatzeko.

Laburpen bideoa

Auzoko ekintzen garapena eta inplikatutako bizilagunen eta eragileen iritziak erakusten dituen bideoa.