eues

Albistea

Abian dira ereintzak eta landaketak Mendebaldea proiektuaren III. fasean (Ariniz ingurua)

Arinizen ingurumena lehengoratzeko zereginen barruan 2021eko maiatzean lurrak mugitzeko eta bideak egiteko obrak amaitu zirelarik, Mendebaldeko parke publikoa osatuko duen eremu osoa landareztatzeko obrak kontratatu ziren.

Obraren lizitazio-aurrekontua 82.325,36 euro zen, eta LAM Medioambiente enpresari esleitu zitzaion azkenean, 67.637,69 euroko aurrekontuarekin, BEZa barne.

Klima-aldaketa arintzeko helburua duen proiektua izanik, landarediaren eta lurzoruaren tratamenduen ezarpenak karbonoa bahitzea eta airea deskontaminatzea dute helburu nagusitzat, baina industrialdearen paisaia-integrazioa hobetzea ere ekarriko du, biodibertsitatea handitzea eta konektibitate ekologikoa sustatzea. Gainera, landareen bidezko deskontaminazio-eremuak (fitokudeaketa) sartu dira, Phy2Sudoe proiektu europarraren barruan, eta horrek guztiak Arinizko herritarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du, baita Jundizko zerbitzu-eremuko erabiltzaileena ere, handik oso gertu baitago.

Aurretiazko lanak

Uda igarotakoan berriro ekin zitzaien obrei, lurra prestatuz, hau da, aldez aurretik sasien garbitze selektiboa egin eta eskuarearen antzeko lanabesa pasatu zen, harriak eskuz garbitu ziren, eta material ezegokien azaleko garbiketa egin zen.

Landaketak eta ereinaldiak

Landaketak prestatzeko lehen lana zuhaixka-heskaiak ezartzekoak ziren lursaila lantzea izan zen, eta horren gainean lur-estalkiak jarri bitarteko mekanikoz. Hiru motatako heskaiak jarriko dira: zuhaixkak, baso eta belardi eremuak bereizteko; ibaiertzekoak, erreken inguruan, eta usain-belarrak, pasealekuen ondoan.

 

Zona del proyecto Mendebaldea
Lurra prestatzea (lurra lantzea eta estalkiak instalatzea))

 

Baso-eremu ezberdinak osatuko dituzten zuhaitzetarako zuloak bitarteko mekanikoak erabiliz egiten jarraitu zen: arteak landatuko dira komunikazio-bideetatik hurbil dauden lurrezko dikeetan; erkametzak parkearen barruko mendixketan, eta sastrakak mendi-hegaletan.

Ereiteko eremuetarako, bi espezie-nahasketa prestatu ziren: batak alpapa du nagusi, lurzoru degradatuak lehengoratzeko labore gisa, eta besteak fitoerremediazio-nahasketa, lurzoru kutsatuetarako. Naturalizatutako eremuak segatu egin ziren, larreak osatzeko. Landare autoktonoen mintegietan hautatutako landareak jaso eta landaketa-moduluetarako prestatu ziren, baldintza-agirian adierazitako espezieen zerrendaren arabera.

 

Baso-landarea jasotzea eta grafiosiarekiko erresistenteak diren zumarrak —Nekazaritza Ministerioak lagatakoak— obran aurkeztea)

 

Zulo handiagoak ere egin ziren, bi zuhaitz-multzorentzat: grafiosiarekiko erresistenteak diren zumarrak, bidearen ondoan jartzeko, eta 36 fruta-arbola —Euskal Herriko Hazien Sareak lagatakoak—, kontserbatu beharreko bertako barietateekin eremu bat osatzeko.

Lanak urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten da.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala