800 irudi inguruk hartu dute parte 'Ataria ezagutu' argazki lehiaketan, Instagramen bidez
800 irudi inguruk hartu dute parte “Ataria ezagutu” argazki lehiaketan, Instagramen bidez; Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu du lehiaketa, @Salimoshoy taldearen laguntzarekin. Urriaren 1etik abenduaren 31ra arte egin da lehiaketa, Gasteizko Eraztun Berdearen leku berezienetako bat, Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroa, ezagutarazteko asmoz.
“Ataria ezagutu” lemaren pean, Eraztun Berdeko ekipamendu horretara hurbiltzera eta instalazioetan zein inguruan argazkiak egitera gonbidatu zituzten parte-hartzaileak. Ondoren, #descubreataria, #vg_ataria eta #salimoshoy etiketekin argitaratu behar zituzten, Instagram, Facebook eta Twitterren.
Argazki hutsak edo fotomuntaiak izan zitezkeen, Ataria agertzeko eta instalazioetara edo inguruetara hurbiltzera bultzatzeko baldintzarekin. Ataria Salburuko parkeko ingurumena interpretatzeko zentroa da, eta eraikin enblematikoa guztiz integratuta dago ingurunean. Hezeguneen ezagutza sustatu, eta bertako balioak erakustea da zentroaren helburua eta, bide batez, biodibertsitatearen eta natura ondarearen garrantziaz ohartaraztea. Jendeari irekitako lekua da, eta baliabide eta zerbitzu ugariz baliatuz (erakusketa aretoa, ikasgelak, behatokia, etab.) era guztietako jarduerak hartzen ditu: aisialdi eta entretenimendua, interpretazioa, dibulgazio eta komunikazioa, biodibertsitateari buruzko ikasketak eta ikerketak…
Lehiaketak, argazkiak egiteaz gain, zentroa ezagutarazteko balio izan du, baita lehiatzaileak bertan antolatzen diren jardueretakoren batean parte hartzera animatzeko ere, agendan kontsultatu ahal baitzituzten.
Lehiaketaren bidez, asmoa zen parte-hartzaileek erakustea nola ikusten duten ingurune naturala, nola disfrutatu dezaketen bertako lekuez eta zerbitzuez, nola igaro dezaketen eguna familiarekin, bikotekidearekin edo bakarka, nola hartu dezaketen arnasa bizikletaz ibiltzen edo landare artean korrika egiten, edo nola ikas dezaketen hirian bertan dugun biodibertsitateari buruz. Jendeak Gasteizen dugun natur ondarea zein ikusgarria den ezagutzea nahi izan da. #SalimosHoy-k eta @vg_ataria-k eskertu egin dute izan duten harrera ona, partaidetza handia eta aurkeztutako lanen maila altua; hori dela eta, oso zaila izan da irabazleak erabakitzea.
Epaimahaiak hauek jo ditu irabazletzat:
- Lehen saria: @josecruz_lafu, “Amanecer en Ataria” argazkiarengatik. Sariak: #senssium LOJA eguzkitako betaurrekoak, @opticaluz_vitoria-k emandakoa; #junguibox, @junguituvinos-ena; bi pertsonarentzako afaria Torre de Anda jatetxean.
- Bigarren saria: @argazpolbitxi, “Ataria desde otro punto de vista”. Sariak: argazki saioa, @50mmfotografas-ekin, eta #junguibox, @junguituvinos-ek emanda.
- Hirugarren saria: @marcosrp6, “Relax en Ataria”. Sariak: Agua Blanca perfume-botila, @perfumeriaibarrondo-rena, eta bi pertsonarentzako gastronomia lantegia, @FundaciónAbastos-en.
Irabazle guztiek, baita “asteko argazkia” izateko aukeratutakoen egileek ere, @kontuz_web-en sorpresa jasoko dute. Sariak Atarian banatuko dira, urtarrilaren 18an (osteguna), 19:00etan.