Vitoria-Gasteizek europar proiektu berri bati ekingo dio, ReVeAL izenekoari, superetxadien sorrera hobetzeko
ReVeAL - Regulating Vehicle Access for improved Liveability izeneko proiektua aurkeztu zuen hiri horiek sortutako partzuergoak Europar Batzordearen diru laguntzetara, H2020 izeneko programak berriki egindako deialdira.
Proposamenaren xedea da ibilgailuak hirira sartzeko dituzten bideak erregulatzea hiri mugikortasun jasangarriko politiken testuinguruan. Horrela, hiriotan bizi diren pertsonen bizimodua hobetu nahi da kutsaduraren, zarataren, bizi kalitatearen, bide segurtasunaren, eraginkortasun energetikoaren eta irisgarritasunaren esparruetan.
ReVeAL partzuergoko kideek kontzeptu berriak bilatu eta ikertuko dituzte eta zenbait konponbide praktiko garatuko dituzte sei hiritan: Helmond (NL), Jerusalem (IL), Londres (UK), Padova (IT), Vitoria-Gasteiz eta proiektuaren liderra den Bielefeld (DE). Elkarlanaren ondorioz, honakoak lortu nahi dira:
- Proiektuko bazkideen artean ezagutzen eta esperientzien partekatzea erraztea.
- Hiri pilotuetan aplikatuko diren konponbideen aplikazio praktikoa diseinatzea eta entseatzea.
- Proba pilotu horien inpaktuak dokumentatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea.
Parte hartuko duten hiriek konpromisoa hartu dute lan esparru desberdinetan zenbait neurri garatu, indarrean jarri eta ebaluatzeko. Horietako bat izango da, hain zuzen, superetxadien kontzeptuaren pean auzoen mailan egin daitezkeen eskuhartze espazialak. Aparkalekuei lotutako neurriak eta sarbideen kontrolati lotutakoak ere aztertuko dira.
Proiektuak aukera ederra eskaintzen du Vitoria-Gasteizek aurrera egin dezan superetxadien ereduaren gauzatzean; izan ere, automobilak superetxadietara sartzeko murrizketak eta pasaeran dabilen trafikoaren murrizketa funtsezko tresnak dira Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren garapenean.
Proiektuak 3 urte iraungo ditu eta Europar Batzordeak 210.000 € emango dizkio Ingurugiro Gaietarako Ikastegiari Gasteizen egingo diren lanak finantzatzeko.
ReVeAL proiektua CEAk dagoeneko martxan dituen beste bi europar proiektu osatzera dator. Park4SUMP proiektuak, alde batetik, motordun ibilgailuen aparkalekuen kudeaketan neurri berritzaileak proposatu eta identifikatuko ditu, eta Mugikortasun Planean integratuko ditu. CityChangerCargoBike proiektuak, berriz, zamalanetarako bizikletak sartu nahi ditu hirian eskala handian, bai merkatugaiak mugitzeko bai beste edozein erabilerarako.