Albistea

VGbiziz aparkalekuetako erabiltzaileei egindako inkesta baten arabera, % 56k bizikleta gehiago erabiltzen dute zerbitzu hori eskura dutenetik

CEAk inkesta bat egin die berriro VGbiziz bizikleta aparkalekuen zerbitzuan abonatuta dauden pertsonei, 2022an egindako aurreko inkestatik hona zerbitzuaren inguruko pertzepzioan egon den aldaketa baloratzeko. Iritziak, proposamenak eta hobekuntzarako iradokizunak jasotzeko galderak egin dira inkestan, baita zerbitzuaren bilakaera ebaluatzeko ere. Lanak hilabete inguruko iraupena izan du, eta 386 pertsonak hartu dute parte.

Emaitzek sistema honen eta hura sendotzearen alde Udalak egindako apustua berresten dute. Erabiltzaileen % 62k 8 eta 10 arteko notekin baloratu dituzte sareko aparkalekuak. Kontuan izan egun 20 puntutan banatutako 1.300 plaza baino gehiagok osatzen dutela sarea.

Beste datu interesgarri batzuk ere azaleratu dira: zerbitzua emakumeek (% 54) gizonek (% 45) baino apur bat gehiago erabiltzen dute, eta erabiltzaileen % 83ren adina 30 eta 65 urte bitartekoa da. Kostuari dagokionez, % 97k uste du merkea edo oso merkea dela. Erabiltzaileen % 86k bizikleta maiz erabiltzen du, % 39k lanagatik erabiltzen du, eta % 56k adierazi du garraiobide jasangarri eta osasungarri hau lehen baino gehiago erabiltzen duela sareko aparkaleku seguruen eskaintzari esker.

Era berean, inkestatutako pertsonen % 97k adierazi du prest egongo litzatekeela konponketak, berrikuspen mekanikoak edo garbiketa bezalako zerbitzu osagarriak ordaintzeko. Inkestan jasotako iradokizunak kontuan hartuko dira zerbitzua hobetzeko.

2025ean egindako inkestak galdera berriak izan ditu erabiltzaileen segurtasun pertzepzioa ezagutzeko. Inkestatutakoen % 96k uste du kokapenak oso seguruak edo nahiko seguruak direla.

Inkestaren emaitza osoak esteka honetan kontsulta daitezke.

Interesa dakizuke