VGBiziz bizikleten aparkaleku seguruen sareko puntu berri bat ireki du Udalak
Lehendik zeuden 310 tokiak (110 toki Autobus Geltokian eta 50na Mendizorrotzan, Unibertsitatean, Olagibelen eta Postetxean) osatzera datoz Errota kalean ireki den igluko 50 plazak.
Urriaren hasierarako 551 lagun zeuden izena emanda bizikleten aparkaleku seguruen VGBiziz sarean. Sisteman erregistratzen ari den txirrindularien kopurua goraka doa etengabe, eta irailean are azkarrago igo zen kopuru hori.
Aparkalekuen erabilera, espero zen bezala, jaitsi egin zen abuztuan. Hala ere, irailean, oporretatik bueltan, orain arteko erabilerarik handiena izan zen, aste batean 180 pertsonak gorde baitzuten bizikleta puntuetako batean.
Gunerik arrakastatsuena Postetxekoa da, kontuan izanda 50 toki dituela eta irailaren azken astean 65 pertsonak erabili zutela uneren batean. Bestalde, Autobus Geltokikoak eta Olagibelekoak ere datu onak dituzte. Haatik, nabarmen geratu da inguruetan kaleko bizikleta aparkaleku asko doan badaude, adibidez Autobus Geltokian eta Unibertsitatean gertatzen den bezala, VGBiziz sarearen erabilera txikiagoa dela.
Erabiltzaileek batez beste sarean bizikleta gordetzen duten denbora, erabilera bakoitzeko, 25-30 ordukoa da. Horrek esan nahi du bizikleten errotazioa ia egunerokoa dela. Hain zuzen, sarearen helburuetako bat da errotazioko aparkalekuak eskaintzea hiriaren erdialdeko tokietan. Beste zenbait tokitan, esaterako Errota kalean ireki berri den gunean, bertan bizi direnei aparkatzeko errotazioko toki bat eskaintzea da asmoa. Kontuan hartu behar da sistema ez dagoela pentsatuta egoiliarren bizikletak biltegiratzeko espazio modura; horregatik, ezarri diren prezioek (3 euro eta 6 euro) bizikleta 3 edo 6 egunetik behin iglutik ateratzera behartzen dute, eta bizikleta lanegunetan edo asteburuetan, hurrenez hurren, erabiltzen duten pertsonen premiei erantzuten diete.