VGbiziz aparkalekuen udal sarean 800 pertsonak eman dute izena, urte bete abian jarri zenetik igaro ondoren
VGbiziz sarea 2018ko urtarrilean abiatu zen, lehen 12 hilabeteetan erabiltzaile berrien erregistroa etengabe hazi zen eta urte bukaeran 796 erabiltzaile izatera iritsi zen.
Erabilera errealari dagokionez, erabiltzaile kopuru handiena abenduko azkenaurreko astean izan zen: guztira 188 pertsonak erabili zuten aparkalekuetako bat asteko uneren batean.
Aparkalekurik erabiliena Postetxekoa da, 60 pertsonak baino gehiagok erabili baitzuten unerik gorenean. Autobus geltokian, berriz, erabiltzaile kopurua 40 inguruan egonkortu zen, eta Olagibel kalekoan 30 pertsonak utzi zuten bizikleta astero.
Bizikletek batez beste aparkalekuan ematen duten denbora hazten ari da. Hasieran 30 ordu ingurukoa zen (egun oso bat baino pixka bat gehiago), alegia, errotazioa nahiko altua zela; azken aldian, berriz, 45 ordukoa da, eta horrek esan nahi du gero eta jende gehiagok, bizikleta etxean gorde ordez, hura VGbiziz sareko aparkaleku batean uzten duela epe luzeagoko biltegi modura.
Sarea hedatu egingo da aurten hiru puntu berrirekin. Bi iglu instalatuko dira Aranan eta Ariznabarran eta beste gune bat egokituko da Santa Bárbarako auto aparkalekuan. Puntu berriek 45 bizikleta arrunt jasotzeko ahalmena izango dute, eta plaza bat izango dute karga bizikleta bat jasotzeko. Azken aukera horri dagokionez, Vitoria-Gasteiz CityChangerCargoBike europar proiektuan ari da parte hartzen, karga bizikletak sustatzeko ibilgailu tradizionalen ordezko modura edozein jarduera ekonomiko edo sozialean.