Urtero 1.500 haurrek baino gehiagok hobetzen dituzte bizikleta gaineko haien abileziak gidatze seguruko eta arduratsuko ikastaroei esker

Gasteizko Udalak hamarkada bat darama bizikleta bidezko zirkulazio seguruko eta arduratsuko ikastaroak bultzatzen. Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko Sailak zuzendutako, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) koordinatutako eta Bizieskola enpresak kudeatutako prestakuntza horien helburua da bizikleta garraiobide gisa erabil dezaten ikasleei beharrezko ezagutzak, abileziak eta konfiantza ematea.
“Beren segurtasuna eta gaitausnak handitzen lagundu nahi diegu neska-mutilei eta gasteiztar gazteenen artean bizikleta bidezko zirkulazioa bultzatzen jarraitu nahi dugu. Harrobi prestatuagoa eta kontzientziatuagoa izateak dagoeneko hautematen hasi garen eta Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean ere indartzen ari garen ohitura-aldaketan zuzeneko eragina izango du oso denbora gutxian Zenbat eta neska-mutil gehiago ibili bizikletan, orduan eta auto gutxiago izango dugu kaleetan eta eskola-inguruetan. Eta, aldi berean, baita kutsadura gutxiago ere Gasteizen”, azaldu du gaur goizean Lurraldearen, Klimaren aldeko Ekintzaren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren koordinatzaileak, Saray Zaratek.
Ekimena Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzenduta dago eta hainbat mailatan banatuta dago: 0tik hasita ikastetik teknika aurreratuenetara arte. Horien artean daude balazten eta martxen kontrola, kontrolak, seinaleztapena eta, hitz gutxitan esanda, behar bezala eta modu seguruan zirkulatu ahal izateko gakoak. Saioak jolastokian eta kalean egiten dira, haurrek ikasitakoa praktikan jar dezaten.
Ekimena Lehen Hezkuntzako 6. mailatik hasi eta Bigarren Hezkuntzako lehen ziklora arteko haurrei zuzenduta dago, bi fasetan banatuta. Lehen fasean, bizikleta eta segurtasun-elementuak egoera egokian mantentzeari buruzko prestakuntzaren ondoren, bizikletaren kontrola lantzen da eta ikasleak kalean zirkulatu ahal izateko gaituta daudela egiaztatzeko abilezien kontrola egiten da. Bigarren fasean, bestalde, taldean zirkulatzen dute maniobra hauek probatu ahal izateko behar adinako konplexutasuna eta zirkulazio barea duen hiriko toki bateraino: bidera sartzea, zirkulazio-erreian izan beharreko posizioa, eskuinetara bira egitea, ezkerretara bira egitea eta galtzadatik ateratzea. Haurren gaitasunari buruzko ebaluazio zorrotza egin ondoren, ikastaroa gainditzen duten neska-mutilei bizikletaz zirkulatzeko agiria ematen zaie.
Dibertsitate funtzionala duten ikasleak bizikleta egokituak dituztenen taldean sartzen dituzte eta bizikletaz ibiltzen ez dakiten haurrei irakatsi egiten diete taldean sartzeko eta jardueran parte hartzeko aukera izan dezaten.
Azken ikasturtean, jarduera 29 ikastetxetan egin zen eta guztira 83 ikastaro eskaini zituzten. 1.570 ikaslek hartu zuten parte tailerretan eta haietatik 1.565ek ikasi zuten hirian zehar zirkulatzen. 44 neska-mutilek ikasi zuten bizikletaz ibiltzen ekimenari esker.