Udalak Eraztun Berdeko irisgarritasuna hobetu du dagoeneko Atarian erabilgarri dauden scooter motako lau ibilgailu elektriko erosita
Gasteizko Udalak ‘scooter’ motako lau ibilgailu elektriko erosi ditu, Eraztun Berdea gero eta irisgarriagoa izan dadin hiritar ororentzat. Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileei zerbitzu emateko balioko dute ibilgailu horiek, eta ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ udal programaren barruan erosi dira. Izan ere, programa horren bitartez, hiriko edozein pertsonak edo taldek aurkeztutako proposamenak martxan jartzeko erabili da aurrekontuaren zati bat. Partaidetza-prozesuaren aurreko edizioan, hain zuzen, Eraztun Berdean irisgarritasuna hobetzeko proiektua aukeratu zen bozketan.
Gasteiz inguratzen duten parkeetan dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat irisgarritasuna hobetzearren, beraz, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lau ‘scooter’ monoplaza erosi ditu; aulkia eta lau gurpil dituzte, 140 kiloko pisua jasan dezakete, eta gehienez 15 kilometro orduko abiadura har dezakete. Bi bateria eta iraulketa kontrako gurpilak dituzte. Eserlekuak egokigarriak eta biragarriak dira, eta burua zein besoak bermatzekoak dituzte, tolesgarriak. Ayudas Técnicas Álava enpresari esleitu zitzaion hornikuntza, 9.147,60 euroan, BEZa barne.
Horietaz baliatzeko nahikoa da Atariko harreran galdetzea. Laster, udal langileek bilera egingo dute Atarian Eginaren Eginez elkartearekin, ibilgailuak ikusi eta probatu ditzaten, eta nola funtzionatzen duten ikasi.