Udalak bizikletentzako aparkaleku berria egokitu du Santa Barbara plazako parkingean
Gasteizko Udalak bizikletentzako aparkaleku estali eta seguru berria egokitu du Santa Barbara plazan, Azoka plazara eta El Corte Inglés-era ematen duen sarbidearen ondoan. Hartara, VGbiziz sarearen erabiltzaileek dagoeneko zazpigarren aparkalekua baliatu dezakete; 66 leku dituen azpiegitura Postetxean, Mendizorrotzean, Arabako campusean, autobus-geltokian, Santiago ospitalean eta Adurtzan daudenei gehitu zaie. Laster Ariznabarrean eta Aranean irekiko dira antzeko lekuak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bultzaturik.
“Gure hirian bizikletaren erabilera sustatzen jarraitzen dugu. Funtsezkoa da herritarrei bizikletak eroso eta seguru gordetzeko lekuak eskaintzea, lapurreten beldur izan ez daitezen. VGbiziz sistemak funtzionatzen du, dagoeneko 1.635 pertsona erregistratu baitira, eta orain auzo gehiagotara hedatuko da”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.
Esteka honetan dago eskuragarri VGbiziz sarearen funtzionamenduari eta ezaugarriei buruzko informazio osoa. Orotara, sareak 484 bizikletentzako lekua eskaintzen du. Horretaz gain, kalean aparkatzeko 10.500 leku ditu Gasteizek.
Santa Barbarako bizikleta-aparkalekuak 66 leku ditu: 64 aparkaleku bikoitz, eta bi zama-bizikletarentzako lekua. Sarrerako atearen zabalerak horrelako ibilgailuak arazorik gabe sartzea ahalbidetzen du. Bizikleta eta zama-bizikleta elektrikoak kargatu ahal izateko 4 entxufe ere instalatu dira. Gogoan izan behar da garraiorako eta salgaien zamarako furgoneta eta automobilen ordez bizikleta elektrikoak erabiltzeko zenbait europar ekimenetan parte hartzen ari dela Gasteizko Udala, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Esate baterako, Park4SUMP eta CityChangerCargoBike proiektuak.