Udal ordenantza batek bizikleten aparkaleku seguruen VGbiziz sarearen garapena bultzatuko du
Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta IGIren (Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) bitartez, Gasteizko Udala lanean ari da bizikletentzako aparkaleku seguruen VGbiziz sarea handitu eta hobetzearen alde. Funtsezko zerbitzua da mugikortasun-eredu berri bat sustatzeko, eredu bat non joan-etorri aktibo eta kolektiboak lehenetsiko diren banakako eta motorizatuen aurrean. Gaur egun era horretako instalazioak daude autobus-geltokian, Postetxean, Mendizorrotzean, Arabako Campusean, Santiago ospitalean, Aran, Adurtza eta Ariznabarra auzoetan eta Santa Barbara plazako aparkalekuan. Alabaina, Udalak aparkaleku gehiago egiteko asmoa du. Izan ere, bizikleta elementu garrantzitsua da Gasteizko Mugikortasun Planean, bizi-kalitatearen, segurtasunaren, efizientziaren eta iraungarritasunaren alde jokatzen duen garraiobidea den aldetik.
Bestalde, bide publikoan bizikletentzako aparkalekuen eskaerak gora egiten duen neurrian, areagotu egin da baita espazio publikoko okupazio eta bizikidetza-arazoen kopurua. Gainera, kalean errazago lapurtzen dira bizikletak, eta arinago hondatzen.
Asmo horrekin, uztailaren 17an onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak VGbiziz bizikleta-aparkaleku seguruan sartzeko eta aparkalekua erabiltzeko baldintzak arautzeko ordenantzaren proiektua. Araudiaren arabera, lekuak alokatu egin ahalko dira, txandakako erabilerarako edo egoiliarrentzat.
Orain artekoan, moduluak egun bateko, hiruko edo sei eguneko abonamenduen bidez balia daitezke. Ordainketa PVERDE aplikazioaren eta www.parkingverde.com webgunearen bitartez kudeatzen da. Esteka honetan aurkituko duzu zerbitzuari buruzko informazio guztia: www.vitoria-gasteiz.org/vgbiziz.
Tokiko Gobernu Batzarrak proiektua onetsi ostetik, batzordean aurkeztu beharko da ordenantza, eta denbora-epe bat irekiko da udal-taldeek zuzenketak aurkeztu ahal ditzaten. Gero, jendaurrean erakusteko eta alegazioak aurkezteko epea irekiko da. Prozesu horren ostean, oniritzia jaso beharko du Osoko Bilkuran. Eta behin Osoko Bilkuraren oniritzia jaso eta beste zenbait izapide pasa ostean, indarrean sartuko da. Urtaranen gobernuak asmotan, urtea amaitu baino lehen onartuko litzateke arau berria.