Udal ikerlan batek Vitoria-Gasteizko teilatuek eguzki energia baliatzeko duten ahalmena identifikatu du
Duela hamarkada bat, Gasteizko Udalak eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak gure hiriko eguzki potentziala ezagutzeko lan bat egin zuten elkarlanean. Ordutik, hamaika aldaketa gertatu dira bai esparru teknologikoan (errendimendu hobeak, instalazio fotovoltaikoen prezioen murrizketa) bai arauen esparruan (autokontsumoaren aldeko legedia). Arrazoi horregatik, orduko lana eguneratu dute CEAk eta Unibertsitate Politeknikoak, klima aldaketaren aurkako borrokarako udal estrategiekin bat eginda eta energia trantsizio jasangarriaren alde egiteko.
Lanean, Gasteizko eraikinetako estalkiek eguzki energia fotovoltaikoaren bidez 2017. urtean elektrizitatea sortzeko zuten potentziala aztertu da. Horrez gain, oinarrizko beste adierazle batzuk ere kalkulatu dira: autoaskitasuna, autokontsumo fotovoltaikoa, kostuen eta onuren balantzea, eta emaitzak herritarrei helarazteko bideak.
Ikerlanaren esparruan 31 auzotako 3.915 hektarea sartu dira. Hasierako datu modura kartografia, eguzki baliabideen datuak, kontsumo elektrikoak eta katastroko datuak erabili dira. Analisiak eskala globalean eta auzo bakoitzeko xehetasuneko eskalan egin dira.
Emaitza nagusiak honakoak dira:
- Eguzki energia atzemateko potentzial handia dago Gasteizen. Estalkien % 22k eguzki potentzial oso ona edo ona dute, hegoaldera zuzenduta dagoen eta 30 graduko inklinazioa duen estalki optimo batekiko duten galerak % 20koak baino txikiagoak baitira. Estalkien % 61ek, bestalde, eguzki potentzial onargarria dute.
- Hiri osoa hartuta, potentzialaren aprobetxamenduak 1.258 MW instalatzea ahalbidetuko luke, % 82 estalki inklinatuetan eta % 18 estalki lauetan. Horrek 1.461 milioi euroko inbertsioa suposatuko luke eta urtero 1.140 GWh ekoiztuko lituzke. Hirian 2017an 894 GWh kontsumitu zirela kontuan hartuta, soberan ekoiztuko litzateke. Soberakinak, gainera, udalerriaren gainerako luraldeak kontsumitzen duenaren % 62a bete ahal izango luke.
Beraz, Gasteiz hiriak eguzki potentzial bikaina dauka, eguzki fotovoltaikoaren instalazioen bidez elektrizitatea sortzeko baliatu daitekeena. Gauzatuko balitz, trantsizio energetiko jasangarrirako laguntza handia litzateke, bai ingurumenaren ikuspuntutik bai ekonomikotik zein sozialetik.