Uda honetan CEAk azken urteetan parte hartu duen hiru europar proiektu amaitu dira
SmartEnCity
2016an ekin genion SmartEnCity proiektuko lanari. Sei herrialdetako eta bost hiri ertain eta txikiko hogeita hamazortzi bazkidek ikuspegi berritzailea bultzatu zuten Europa mailan zero karbono igorpeneko hiri adimentsuak sortzeko. Energia eskaria murrizteko egin da lan, batez ere eraikinak birgaitzeko prozesuen bidez, energia berriztagarriak erabiltzeko ekintzen bidez eta mugikortasun adimentsua bultzatuz.
Vitoria-Gasteizek helburu horiek erdiesteko bide adimentsu eta berritzaileak garatu ditu. Ekintzarik nabarmenenak izan dira Koroatze auzoan zenbait eraikin birgaitzeko lanak, BEI autobusen linea abian jartzea (proiektuak diruz lagundu du zati batean) eta, Udalaren barneko maila batean, udal langileek ibilgailu kutsagarrien ordez bizikleta erabiltzeko abian jarri den bizikleta maileguko zerbitzua.
Ekainaren 14 eta 15ean azken batzarra ospatu zen Europa Biltzar Jauregian. Europa osoko 120 parte-hartzaile etorri ziren Gasteizera eta bi egunez hitzaldi eta erakusketa interesgarriez gozatu zuten eta SmartEnCity proiektuaren emaitzez hitz egin zuten.
CityChangerCargoBike
CityChangerCargoBike (CCCB) proiektua 2018an hasi zen, kargako bizikletek duten potentziala bultzatzeko eta beren erabilera bai herritar xumeen bai enpresen artean sustatzeko. Proiektua uztailaren 31n amaitu zen.
Horizon 2020 europar programaren laguntzarekin, proiektuan parte hartu duten hogei bazkideek (hiriak, ikerketa zentroak, GKEak, industriak) elkarrekin egin dute lan mugikortasun modu horren zabalkundea azkarrago eta eskala handiagoan sustatzeko.
Gasteizen garatutako ekintzen artean, nabarmentzekoa da "Biziz, adinik ez" ekimena. Adinekoak bizikletaz paseatzeko ideia hori CCCB proiektuari esker egin zen lehen aldiz, eta hurrengo urteetan harekin jarraitzeko bidea ireki zen. Bestalde, kargako bizikleten mailegua sustatu zen herritarren artean. Azkenik, hiriaren erdialdean ondasunak bizikleta bidez banatzeko sistema baten bideragarritasuna aztertu zen eta, horren ondorioz, mikrologistikako zentro bat sortuko da Herrandarren kaleko autobus geltoki zaharrean.
Park4SUMP
Park4SUMP proiektuan 4 urtez egin dugu lan aparkalekuaren kudeaketaren esparruan, kudeaketa hori Mugikortasun Iraunkorraren Planean integratzeko.
Proiektuan hamasei hirik hartu dute parte aparkalekuaren kudeaketa estrategikoak eta adimentsuak dituen onurak erakusteko.
Gasteizen kasuan, proiektuaren emaitzetako bat VGBiziz bizikleten aparkalekuen kudeaketa eta puntu berrien sorrera izan da. Bestalde, TAO zerbitzu modernoago bat sustatzeko kanpaina bat egin da, eta Tornay Medikuaren eta Memorialaren superetxadien inplantazioa ebaluatu da.